(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Ermanno Olmi italiar zinemagilea izanen da "Punto de Vista" Zinema Jaialdiko protagonista asteartea, 2007.eko abenduak 18

2008ko otsailaren 15etik 23ra bitarte eginen duten "Punto de Vista" (Ikuspuntua) Zinema Jaialdiak Ermanno Olmiren dokumentalak izanen ditu ardatz; hots, Cannesko Zinema Jaialdian Urrezko Palma eta Venezian Urrezko Lehoia irabazi dituen italiar zinemagilearen lanak.


Punto de Vista 2008

“Punto de Vista” Zinema Jaialdiko kartela ( irudia handitu )

Atzera begirako horretaz gain, honako hauek ere bilduko ditu Punto de Vistak: zinematografiako isiltasunaren irudiari buruzko zikloa, "laugarren pantailari" buruzko eztabaida, eta nazioarteko lehiaketara aurkeztutako filmak. Nicolas Philibertek ere izanen du lekurik Punto de Vistan, eta master class bat emanen du, datorren otsailaren 18an.


Ermanno Olmik Cannesko azkeneko Zinema Jaialdian iragarri zuen berriro ere fikzio lanik ez duela eginen, eta aurrerantzean dokumentaletan jardunen dela. Cannesko azkeneko Zinema Jaialdian Centiocciodi filmarekin lehiatu da Olmi, eta 1977an El árbol de los zuecos (Eskalapoien zuhaitza) lanarekin Urrezko Palma irabazi zuen. Venezian, berriz, Urrezko Lehoia irabazi zuen, 1988an, La leyenda del santo bebedor (Santu edalearen elezaharra) lanarekin. Olmi 50eko hamarkadan hasi zen dokumentalak ekoizten, EdisonVolta enpresaren zinematografia saila abian jarri zuenean. Olmik zineman egin duen berrogeita hamar urteko ibilbidea berrikusiko du 2008ko Punto de Vistak, eta filmetan zein bizitzan bertan inspirazio iturri izan dituenak hartuko ditu bereziki kontuan. Dokumentalen eta fikzioaren arloan egindako lanetako batzuk berreskuratuko ditu Jaialdiak, ezinbestean kontuan hartu beharrekoak guziak ere. Honako hauek, besteak beste: Un metro lungo cinque, In nome del popolo italiano o Mille anni, Grigio, La Pattuglie del Passo San Giacomo, La mia valle, Manon finestra 2, Alcide de Gasperi edo Lungo il fiume. Espainian gehienak ezezagunak dira. Gainera, Mercedes Álvarez zinemagilearen lankidetzarekin egiten duten Punto de Vista Bildumako hirugarren liburuak italiar zinemagilea izanen du protagonista.


Bestalde, Jaialdiko sailetako batek zinematografiako isiltasunari buruzko bidaia proposatuko du, Sharunas Bartasen In the Memory of a Day Gone By (1991) lan klasikotik abiatu eta Benedek Fliegaufen The Milky Way (2007) laneraino (2007ko aurkikuntza nagusietako bat, Locarnon (Suitza) Urrezko Lehoinabarra irabazi zuena). Zikloak bilduko dituen lanak honako hauenak izanen dira: Audrius Stonys, Sergei Loznitsa, Bela Tarr, Valdas Navasaitis, Laila Pakalnina, Victor Asliuk, Temirbek Birnazarov, Ánges Incze eta Nora Martirosyan-enak, besteak beste. Hitzik gabeko dokumentalak, ekialdeko Europakoak eta erdialdeko Asiakoak, konposizioaren, enkoadratzearen, eta nahigabearen eta pozaren sobietar-eslaviar tradizioan kateatzen direnak.


Nicolas Philibertek, arrakasta handiko Ser y Tener (Izatea eta Edukitzea) lanaren zuzendariak, bere lan metodoari buruzko saioa eginen du. Philibertek bere filmografiari buruzko hausnarketa eginen du, lehen pertsonan, eta ondoren bere azken lana estreinatuko dute: Retour en Normandie. Saioa Civican aretoan eginen dute, otsailaren 18an, 17:00etatik 20:00etara, eta Philibertek esandakoak bat-batean itzuliko dituzte gaztelaniara. Izena emateko epea abenduaren 13an hasiko da, eta plazak amaitu arte luzatuko da. Horretarako, 948222333 telefono zenbakira deitu eta 15 euro ordaindu beharko dira.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa