(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gazteen Elkartasun Galan egindako ongintzako bilketako 6.500 euro Malin neska koskor eta gazteentzako harrera etxea eraikitzeko erabiliko dituzte osteguna, 2007.eko abenduak 20

Hezkuntzaren Garapenerako Nazioarteko Boluntarioak GKEaren proiektua da, eta bart gaueko Galara bildutako gehienek hautatu zuten


Partehartzaileak

García Malo kontseilaria eta Barcina alkatea, GKEen ordezkariekin batera. ( irudia handitu )

Niamanan (Mali) neska koskor eta gazteentzako harrera etxea eraikitzeko proiektua Hezkuntzaren Garapenerako Nazioarteko Boluntarioak (VIDES) GKEak sustatu du, eta proiektu horrek 6.500 € jasoko ditu atzoko Gazteen Elkartasun Galan egindako ongintzako bilketatik. Gala Gayarre Antzokian egin zuten, bart, eta bertara bildutako 700 lagunetatik 176k hautatu zuten, hain zuzen, Nimanango proiektua. Gala Nafarroako Gobernuak antolatu zuen, eta Iruñeko Udala, Nafarroako Canal 6, Cadena 100 eta ADN egunkaria izan zituen laguntzaile.


María Isabel García Malo Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak eta Yolanda Barcina Angulo Iruñeko alkateak GKEko bi ordezkariri eman diete, gaur goizean, atzo bildutako dirua (Lourdes Lizarraga eta Mª Carmen San Migueli, hain zuzen). Ekitaldia Nafarroako Jauregian egin dute, eta atzoko Galan aritu zen artistetako bat ere, Agustín Jiménez umorista, bertan izan da.


Galara bildutakoen sostengua nabarmendu nahi izan du García Malok, eta adierazi duenez, pertsona horien laguntzari esker talde ahulenek euren bizi-kalitatea hobetu ahal izanen dute, eta dagokien duintasuna errespetatzea eta aintzat hartzea lortuko dute. Gainera, atzoko Galaren moduko ekimenek lankidetzaren balioari buruzko gogoeta egiteko balio dutela adierazi du, eta era berean, behar handia duten gazteen osasun, hezkuntza eta prestakuntza hobekuntzekin zerikusia duten proiektuak egiteko laguntza emateko aukerak direla.


Barcinak, berriz, Hirugarren Munduko herrialdeetako emakumezkoen garapenerako sostengua ematearen garrantzia azpimarratu du. Eta hori egiteko bidea hezkuntza dela adierazi du, egiazko aukera berdintasuna lortzeko funtsezko euskarria.


Hautatutako proiektuari jarraiki, 82 neska koskor eta gazterentzako harrera etxea eraiki, hornitu eta jarriko dute abian. Hartara, babesa jasoko dutenek bizitzan aurrera egiteko behar duten gutxieneko hezkuntza proiektua gauzatu ahal izanen da, eta, beraz, hezkuntza integrala, gaikuntza, sustapena eta gizarteratzeko modua eskainiko dizkiete, eta baita euren bizimoduaren gaineko ardura hartuko duten emakumeak eta ingurunea eraldatzeko eragileak izateko beharrezkoak dituzten bitartekoak ere.


Atzoko Galan beste lau proiektu ere aurkeztu zituzten. Honako hauek, hain zuzen ere: Corumban (Brasil) arrisku egoeran dauden haur eta gazteen gizarte eta hezkuntza arloko sustapena, Hirugarren Munduko Gazteen Fundazioa GGKEarena; Callaon (Peru) gazteentzako mikroenpresa iraunkorrak sustatzeko eta sortzeko zerbitzuak (finantza arlokoak eta finantza arlokoak ez direnak), Nafarroako Adiskidetasuna, Garapena, Lankidetza GGKEarena; Quetzaltenangon (Guatemala) landa eremuetako gazte indigenak sentikortzea eta teknikoki gaitzea, laneratzeko; eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia Limako (Peru) herri sektoreetako gazteen eskubideen zerbitzura, Hirugarren Munduarekiko Elkartasuna GGKEarena.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa