Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako familiek eta enpresek zerga beherapena izanen dute 2008ko urtarrilaren 1az geroztik, eta ondorioz, 25 milioi euro inguru aurreztuko dituzte. Zenbateko hori PFEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren aldaketen ondorioz aurreztuko dute, eta baita Zergen arloko Neurrien Lege proiektuan aurreikusitako beste neurri batzuen ondorioz ere.
Merkataritza-zentroa.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez (PFEZ), Nafarroako Gobernuak %2ko deflazioa aurreikusi du, zergaren tarifan. Eguneratze horren bidez PFEZren tarteak igo nahi dituzte, inflazioarekin bat etortzeko, eta prezioek izan dezaketen igoera dela-eta zergadunek erosteko ahalmena galtzea saihesteko. Neurri horren onuradunak nafar guztiak izanen dira, 458.000 inguru, eta Nafarroako Ogasunak kalkulatu duenez, guztizko kostua 5,9 milioi euro ingurukoa izanen da.
Gainera, urtarrilaren 1az geroztik, PFEZan aintzat hartuko dituzte errenta baxua dutenei alokairua dela-eta eginen dizkieten dedukzioak. Hartara, alokairuan bizi diren pertsonek 900 euro kendu ahal izanen dituzte urtean (orain arte 600 euro kentzen zituzten). Aipaturiko dedukzioa ordaindutako alokairuen %15aren balio berekoa da, eta urtean 30.000 euroz azpitiko errenta duten lagunak edo 60.000 euroz azpitiko errenta duten familia unitateak izanen dira onuradunak. Azkeneko aitorpenetako datuetatik ondorioztatu dutenez, onuradunak 4.950 lagun izanen dira, eta 495.000 euro aurreztuko dituzte.
Etxebizitzak errentan ematen dituztenei dagokienez (9.000 lagunetik gora), 2008tik aurrera 2.580.000 euro gutxiago ordainduko dizkiote diru kutxa publikoari (zergak direla-eta). Zergen arloko Neurrien Lege proiektuan zergen gainean aurreikusi duten beste pizgarria da hori, alokairuko etxebizitzak merkaturatu daitezen sustatu nahi duena. Neurriari jarraiki, higiezinen jabeek kapital higiezinaren etekin garbi positiboa %55 gutxitzeko eskubidea izanen dute.