Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Aurreikuspenen arabera, elurra egin dezake 700-800 metrotan, eta operatiboa bihar, ostirala, jarriko da abian, 20:00etan
Nafarroako Gobernuko Herri Lan Departamentuak abian jarriko du elurra kentzeko makinen eta errepideetako zainketa-lanen plana, astebururako elurraren alerta aurreikusi dela ikusirik. Osotara, 56 makina izanen dira erabiltzeko moduan; horietatik 42 bihar bertan, ostirala, 20:00etatik aurrera egonen dira aktibatuta eta esku-hartzeko prest, eta beste 14 makina, berriz, larunbatean, goizeko 6:30etatik aurrera.
Aurreikuspen meteorologikoaren arabera, bihar, ostirala, elurra eginen du Foru Komunitatean, eta gauean 700-800ra jaitsiko da elur-maila.
Egoera honetan, errepideak irekita mantendu beharrari aurre egiteko, Nafarroako Gobernuak esku hartzeko prest jarriko ditu bihar, 20:00etatik aurrera, elurra kentzeko makina hauek: Agoitz, 11; Iruña, 2; Tafalla, 4; Tutera, 1; Lizarra, 4; Irurtzun (autobiak), 14; Irurtzun (errepideak), 2, Mugairi, 4.
Zerbitzua larunbatean, urtarrilak 12, goizeko 6:30etatik aurrera indartuko da beste 14 makinarekin: Agoitz, 5; Iruña, 2; Tafalla, 1; Irurtzun (errepideak), 3; Mugairi, 3.