Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Behin-behineko irakasleen zerrendak egiteko sistema berria egiteko erabakiak ez die kalterik eginen gaur egungo behin-behineko irakasleen interesei.
Aitzitik, behin-behinekotasuna desagerraraztea, irakasleen segurtasuna areagotzea eta funtzio publikorako sarbidea bermatzea izanen ditu helburu. Gainera, fakultateetatik ateratzen diren profesional berriei ateak ez ixteko bidea izan nahi du; izan ere, eskarmenturik ez izatearen ondorioz orain arte ia ez dute aukerarik izan irakaskuntza publikoan hasteko. Pérez-Nievas kontseilariaren iritziz, orain arteko sistemak mesede egin baino gehiago, kalteak eragin ditu. Eta kontseilari gisa duen egitekoa argia da: interes orokorra interes partikularraren gainetik jartzea.
Horixe bera adierazi du Carlos Pérez-Nievasek, prentsaurrekoan, Departamentuaren aurkako helegitea aurkeztu duten sindikatuen mehatxuei erantzuteko. Hain zuzen ere, behin-behineko irakasleen zerrendak egiteko sistema berriaren ezarpena dela-eta aurkeztu dute helegitea. Oposaketak gaindituagatik plazarik ez dutenen kontratazioa lehenetsi dadin proposatzen du orain Departamentuak, eta horixe bera da, Pérez Nievas kontseilariaren iritziz, jarrerarik zuzenena, eta edozein Administraziotako departamentu guztietan egiten dutena. "Funtzionario guztiek, hala izateko, oposaketak gainditu behar dituzte. Oposaketak gainditu behar dituzte legearen, merezimenduaren eta gaitasunaren arabera. Funtzionario izateko ikasi egin behar da, eta hori bistakoa da" – esan du kontseilariak.
Hasteko eta behin, atzo egindako batzarrari buruz mintzatu da kontseilaria. Sindikatuei batzarra egiteko baimenik ez zutela jakinarazi bazitzaien ere, Sindikatuen Eskubideei buruzko Akordioaren arabera jakinarazpena batzarra egin baino 24 ordu lehenago egin behar zela argudiatu zuten, eta epe hori bete ez zenez, batzarra egin zuten. Hala eta guztiz, araudia argia dela adierazi du kontseilariak: gisa horretako batzarrak zerbitzuari kalterik egiten ez zaionean egin behar dira, eta atzokoa eskola orduetan egin zuten.
Bestalde, kontseilariak adierazi duenez, eskaera nahita egin diote Lehendakaritza Departamentuari edo Funtzio Publikoari, ezezkoa ematea saihesteko. Hartara, Lehendakaritza Departamentuak Hezkuntza Departamentuari bidali behar izan dio eskaria, eta izapideak direla-eta, prozedura atzeratu egin da. Eta hori bera baliatu dute, zuzentasunik gabe.
Sindikatuek, bestalde, behin-behineko irakasleek antzinatasun osagarria kobratzeko eskubidea izan dezaten eskatu dute, eta eskaera hori ere izan du aipagai kontseilariak. Adierazi duenez, Foru Komunitateko behin-behineko langile bakar batek ere ez du kobratzen osagarri hori, eta bosturtekoei dagokienez, funtzionarioek ere ez dituzte kobratzen. Gainera, Funtzio Publikoaren eskumeneko neurria da. Bideragarritasun azterlan bat sustatuko zuela agindu zuen Departamentuak Itunean, eta dagoeneko egin eta igorri du.