(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Punto de Vista Jaialdiko Sail Ofizialari amaiera emateko, Ilya + Marusya eta El sastre filmak aurkeztuko dituzte osteguna, 2008.eko otsailak 21

Corpas kontseilaria Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren amaierako zeremoniaren buru izanen da, bihar, Civican aretoan


Ilya + Marusya

Ilya + Marusya fotograma.

Punto de Vista" Nazioarteko Zinema Dokumentalaren Jaialdiko Sail Ofizialeko emanaldiak gaur amaituko dira, Civican aretoan. Bertan, bi zuzendari izanen dira: Vladimir Nepevniv, Ilya + Marusya filmari buruz mintzatuko dena, eta Óscar Pérez, El sastre filma aurkeztuko duena. Jaialdiari amaiera emateko gala bihar eginen dute, 19:30ean, Civican aretoan. Gala Elvira Obanos kazetariak aurkeztuko du, eta Juan Ramón Corpas Mauleón Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria ekitaldiko buru izanen da.


Vladimir Nepevniy errusiar zuzendariak Ilya + Marusya, dokumentala aurkeztu du, prentsaurrekoan. Filmak Jaialdiko Sail Ofizialean parte hartzen du. Nepevniy Odesan jaio zen, 1965ean, eta 1989an, Matematika eta Ingeniaritza Mekanikoko ikasketak amaitu zituen, Odesako Unibertsitatean. San Petersburgoko Antzerki Akademian antzerkia ikasi zuen. "Line of Cinema" telebista saioa zuzendu zuen, 1996tik 1999ra, ORT katerako. Egin dituen filmetako batzuk honako hauek dira: Kira (2003), Two Poles of One Life (2003), Dreams about Alpheoni (2002), Making of Brother 2 (2000), edo Alexander Pushkin — Collected Works.


Ilya + Marusya (Errusia, 2006, 39’). Yevgenni Petrov-ekin batera "Las doce sillas" (Hamabi aulkiak) eleberri ospetsua idatzi zuen Ilya Ilf sobietar idazlearen alabak Ilf eta Marusya gurasoek elkarri bidali zizkioten maitasun gutunak aurkitu ditu, eta denbora asko eman du irakurtzen. Denbora asko behar izan du gurasoen atzean ezkutaturik zeuden gizonari eta emakumeari aurre egiteko.


El sastre filmari dagokionez, berriz, Bartzelonako kale bateko lantegi txiki batean lan egiten duen Mohammed jostunaren bizia kontatzen du bertan Óscar Pérezek. Bizikidetzak eragiten dituen arazoak, eta integratzeko zailtasunak. Óscar Pérez Gironan jaio zen, 1973an. Dokumentalei buruzko ikasketak egin zituen London College of Communication delakoan, eta gidoiei eta dokumentalei buruzko eskolak eman izan ditu, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta Microobert Ikasketa Zentroan. Hainbat jaialditan parte hartu izan du bere lanekin.


"Punto de Vista" Jaialdiko Sail Ofizialeko sarien berri bihar emanen dute, otsailaren 22an, eta larunbatean ikusi ahal izanen dira, Civican aretoan, 12:30ean, 17:00etan eta 19:30ean. Amaierako gala eta sari banaketa gorabehera, Jaialdiak aurrera darrai, eta emanaldi gehiago ere izanen dira Golem Yamaguchi eta Saide Karlos III.a zinema aretoetan.


Golem Yamaguchi zinema aretoetan, esaterako, Ermanno Olmiren azkeneko filma emanen dute, bihar, 22:30ean. Datozen hilabeteetan Espainiako zirkuitu komertzialean estreinatuko duten Centochiodi lanari buruz ari gara. Emanaldi horrekin, italiar zuzendariari eskainitako zikloa amaitutzat emanen dute. Centochiodi Ermanno Olmiren fikziozko azkeneko film luzea da, eta 2007ko Cannesko Jaialdian aurkeztu zuten, lehiaketatik kanpo. Boloniako Unibertsitateko irakasle gazte eta gailen baten istorioa kontatzen du. Goiz batean, liburutegiko liburuak hamarka iltzez josita agertu dira, eta irakasle gaztea polizien ikerketetan nahastuta dago. Unibertsitateko giro intelektualetik ihes egitea erabaki du irakasleak, eta Po ibaiaren erriberan barrena ibili ondoren, harrizko etxe hondatu batean jarri da bizitzen. Etxe berrian, amodio eta adiskidantza istorioak sortuko dira, irakaslearen eta bizilagunen artean. Hangoek mezularitzat jotzen dute irakaslea, Jesukristo berritzat.


Saide Karlos III.a zinema aretoetan, berriz, La Región Central (Erdialdeko Eskualdea) Saileko azkeneko bi lanak emanen dituzte, bihar: Beginning Filmmaking, Jay Rosenblatt-ena, eta A Walk into the Sea: Danny Williams and the Warhol Factory, Esther B. Robinson-ena.


Jay Rosenblatt Estatu Batuetako zinema dokumentaleko zuzendaririk garrantzizkoenetakoa da. Guggenheim beka jaso zuen, eta baita Rockfeller Fundazioaren beka ere. Bere filmek sari ugari jaso izan dituzte eta mundu osoan eman dituzte. Phantom limb film laburrak aipamen berezia jaso zuen 2006ko "Punto de Vista" Jaialdian (bigarrenean).


Esther B. Robinson Zineman eta Telebistan Graduatua da, NYU's Tisch School of the Arts eskolan. 1999tik 2006ra arte, Zinema, Bideo eta Arte zuzendaria izan zen Creative Capital Foundation delakoan. Aurretik, telebistan aritu zen, ekoizle, eta 1998an, Wavelenght Releasing sortu zuen; hots, ekoizteko, banatzeko eta erakusteko modu berriak bilatzen jarduten den konpainia. 1998an, Fikziozko HomePage film luzea ekoiztu zuen, beste batzuekin batera. Doug Block zinemagileak zuzendutako lana da, besteak beste Sundance edo Rotterdamgo jaialdietan aukeratu zutena. A Walk Into the Sea: Danny Williams and the Warhol Factory Robinsonen lehenengo filma da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa