(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko euskararen politikaren arduradun nagusiek elkarlanean aritzeko asmoa nabarmendu dute ostirala, 2008.eko otsailak 22

Hala adierazi dute prentsaurrekoan Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko euskararen arduradun nagusiek, Carlos Pérez-Nievasek eta Miren Azkaratek, hurrenez hurren, gaur goizean bilera egin ondotik. Kontseilariekin batera, bileran izan dira, halaber, Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Xabier Azanza, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz, eta Hizkuntz Politikarako sailburuordea, Patxi Baztarrika.


11:00etan, Nafarroako ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren egoitzan hartu dute, Gasteizko Donostia kaleko 1ean, sail hori baita autonomia erkidego horretan hizkuntza politika koordinatzen duena. Han egin da, beraz, harremanetan jartzeko aurreneko saioa, jarrera onarekin bi ordezkaritzen aldetik, eta hizkuntza politikak aztertu dituzte elkarrekin, bai eta izan litezkeen elkarlanerako bideak ere.


Topaketaren xedea zen Euskararen Nafar Institutu sortu berria (ENAI) eta haren zuzendari kudeatzailea, Xabier Azanza, EAEko agintariei aurkeztea, eta bi aldeak hurbiltzen hastea, etorkizunean euskararen arloko gaietan lankidetza emankorra gauzatu ahal izateko.


Bilkuraren ondotik, prentsaurreko bateratua egin da, zeinetan bi arduradunek hainbat arlotan elkarlanean aritzeko borondatea azpimarratu duten: terminologia, toponimia, ikerketa eta guztien interesekoak diren beste gai batzuetan, eta asmo horrekin bi autonomia erkidegoetako zuzendaritza taldeak eta teknikariak aurrerantzean gehiagotan elkartuko direla iragarri da.


Azkarate kontseilariaren esanetan, "gaurko bilera abiapuntua da. Lehenbiziko urratsa etorkizunari begira." Bere mintzaldian, Miren Azkaratek eskerrak eman dizkie Pérez-Nievas kontseilariari eta Xabier Azanza ENAIko zuzendari-kudeatzaileari, bileragatik, emandako urratsagatik eta hizkuntza arloan lankidetza normalizatzeko agertu duten interesagatik. "Guztiona den ondare hori biziberritu eta etorkizuna ematea gure nahia eta betebeharra da, kolore politikoen eta egitura administratibo legitimoen gainetik. Hizkuntzak komunikaziorako, kohesiorako eta hartu-emanetarako lanabesak dira" adierazi du, eta bi gobernuek elkar ulertzean eta errespetatzean oinarrituta jardunen dutela gaineratu.


Foru Komunitateko Hezkuntza kontseilari Carlos Pérez-Nievasek, berriz, azpimarratu du ez dela joan "politikaz hitz egitera, hizkuntza politikaz baizik, harremanak normalizatu, elkarlanerako guneak bilatu eta ahaleginak batzeko euskararen onerako, denon artean eta esparru guztietan bultzatu behar dugun hizkuntza baita."


Kontseilariak azaldu duenez, Berlingo eta Pariseko azoketan eta zenbait festetan, hala nola Nafarroa Oinezen, elkartu ondoren, zentzuzkoa zen bilera ofiziala egitea, are gehiago helburua izanik Institutuaren zuzendari berria, Xabier Azanza, aurkeztea.


Pérez-Nievasen iritziz, "legitimitate osoarekin iritzi desberdinak izan arren" Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko elkarlana, lehendik ere bi erkidegoetako teknikarien eta funtzionarioen artean arazorik gabe gauzatzen zena, "bi gobernuen arteko lan batzordeak abian jartzean islatuko da orain".


Bi arduradunek aditzera eman dute gobernu bakoitzean hizkuntzaren arloko elkarlana koordinatzeaz arduratuko diren zuzendaritza taldeak garatzen eta zehazten hasiko direla.


Prentsaurrekoa amaituta, Nafarroako agintariak Tontxu Campos Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarekin bildu dira.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa