(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Larunbatean zirkulazioa zaintzeko plan berezia jarriko dute abian, 2008ko Xabierraldia dela-eta osteguna, 2008.eko otsailak 28

195 foruzainek zainduko dute erromesen eta gidarien segurtasuna


Nafarroako Gobernuak, Foruzaingoaren bidez, zirkulazioa zaintzeko plan berezia antolatu du, matxoaren 1ean eta 2an eginen duten Xabierraldia dela-eta. Plana Guardia Zibilaren laguntzarekin gauzatuko dute, eta erromesen eta ibilgailuen zirkulazioa baldintza seguruetan egitea du helburua.


Bidegurutzeetan eta Xabierko aparkalekuetako sarrera eta irteeretan zaindu eta erregulatuko dute zirkulazioa, batik bat. Era berean, erromesak zainduko dituzte bide publikoetako tarteetan, eta baita sor daitezkeen auto ilarak ere. Bihar, Erriberako erromesak abiatuko dira, eta Ingurumena Babesteko Dibisioko foruzainek ibilbideko gunerik enblematikoenak zainduko dituzte.


Aurtengo Xabierraldian iaz abian jarri zituzten bi berritasun errepikatuko dituzte: Noain eta Elo arteko autobidean oinez ibiltzeko debekua eta Xabier inguruan zirkulazioari ezarritako mugak.


Hartara, Noaindik Elorainoko erromesaldia Pirinioetako Autobidea (A21) saihestuz eginen dute. Noaingo herrigunetik abiatzen direnek, oinezkoentzako eremua erabili beharko dute (zoru gorria), eta arrapala kiribilean barrena, autobidearekiko paraleloan dagoen ezkerreko aldeko zerbitzu-bidean barrena abiatu beharko dute, Xabierrerantz. Bertan, Taxoareko baratzeetan barrena Iruñetik datorrenarekin egiten du bat bideak. Erromesek zerbitzu-bideari jarraitu beharko diote Dorreraino, eta ondoren, NA-2420 errepidean barrena egin ahal izanen dute aurrera (lehengo N-24), bide zaharreko 17. kilometroraino. Orduan, trazadura zaharrari jarraituz eginen dute aurrera.


Aurtengo Xabierraldian ere ibilgailuen zirkulazioa mugatuko dute Xabierko Gazteluaren inguruan. Hala ere, aparkalekuen kopurua handitu egin dute. San Frantzisko Xabierkoaren jaiotzaren V. mendeurrena zela-eta, Misio Etxeko iparraldeko zelaia asfaltatu zuten, eta 1.000 ibilgailutarako aparkalekua egin zuten. Hortaz, eguraldia gorabehera erabili ahal izanen dute aparkaleku hori. Hala ere, Misio Etxeko hegoaldeko zelaia (550 ibilgailutarako) aurreko urteetako baldintza beretan dago, eta euria egiten badu ezin izanen dute erabili. Aparkaleku horiei guztiei Xabierren daudenak (500 ibilgailu), banderen aparkalekua (150 auto), eta Xabierko saihesbideko aparkalekua (200 ibilgailu) gehitu behar zaizkie.


Gidarientzako gomendioak


Gidarientzako gomendio nagusiak honako hauek dira:


- Abiadura mugak errespetatzea (erromesaldi eremuan, 50 km/ordu).


- Ez aurreratzea erromesaldi eremuetan, eta kontuan izatea erromesak ezkerreko bazterbidean barrena joanen direla Xabierrerantz. Berariazko debeku seinaleak ezarriko dituzte.


- Ibilgailua ez gelditzea, eta bidea ez gurutzatzea, erromesekin hitz egiteko edo laguntzeko. Ibilgailuarekin noranzko aldaketarik ez egitea (Iruñerantz), bazterbidean lanak egiten ari direnez, erromesak harrapatzeko arriskua dagoelako.


- Aukeran, N-240 (Iruñerako noranzkoan), NA-132 (Zangozatik, Tafallan barrena), eta NA-150 (Irunberritik, Urrotzen barrena) erabiltzea.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa