(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Expoagua Zaragoza 2008 sozietateak eta Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmena izenpetu dute asteazkena, 2008.eko martxoak 5

Carlos Erce Eguaras Nafarroako Gobernuko Turismoko zuzendari nagusiak eta Roque Gistau Gistau Expoagua Zaragoza 2008 S.A. sozietateko presidenteak lankidetza protokoloa izenpetu dute, hainbat jarduera batera egiteko, eta hartara, Expo Zaragoza 2008 sustatzeko, eta haren eragin eremua Foru Komunitateraino iristeko (bereziki, Tuteraraino eta Ebroko Erriberaraino).


Expoagua Zaragoza 2008 sozietatearekin egindako hitzarmena

Carlos Erce, Juan Ramón Corpas eta Roque Gistau. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernua, Kultura eta Turismo Departamentuko Turismoko Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eta Zaragozako Nafarroako Etxearen lankidetzarekin, Expo Zaragoza 2008 Nazioarteko Erakusketarekin harremanetan egon da, 2006ko hasieraz geroztik. Expoagua sozietatearen iritziz, Nafarroa eragile bikaina da Zaragozako Nazioarteko Erakusketa sustatzeko. Izan ere, Zaragoza eta Nafarroako Erribera oso gertu daude, distantziari zein denborari dagokionez, errepide bidezko komunikazio ona dute (edukiera handiko bide laster baten bidez), eta azken batean, Aragoik eta Nafarroak lotura asko dituzte.


Turismoko Zuzendaritza Nagusia solaskide jardunen da enpresaburuen elkarteekin eta ostalaritzaren sektorearekin, Expo Zaragoza 2008 Erakusketaren esku Erriberako eta Nafarroako ostatuak jartzeko. Era berean, gai nagusitzat ura izanen duten jardueren programa ere antolatuko du Nafarroan, eta batik bat Tuteran ("Ebroko hiria"), El Bocal-en ("Ura eta kanala") eta Errege Bardean ("Ura eta higadura"). Programaren baitan, bisita gidatuak, erakusketak eta kontzertuak eskainiko dituzte.


Bestalde, Erakusketa dela-eta Nafarroan ostatu hartuko duten lagunek doan parte hartu ahal izanen dute aipaturiko jardueretan, Erakusketara joan aurretik edo ondoren. Era berean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin hitzarmena egin ondoren, El Bocal eremua egokituko dute, ingurua hobetzeko esku-hartze baten bidez.


Gainera, berariazko bi aldizkari argitaratuko dituzte: bat, Expo Zaragoza 2008 Erakusketari buruzkoa, eta bestea, Nafarroari buruzkoa. Bi argitalpenak azoketan eta Nazioarteko Erakusketan bertan banatuko dituzte.


Nafarroako Gobernuak, gainera, Expo Zaragoza 2008 Nafarroako sektore turistikoari eta biztanleei aurkeztuko die. Horretarako, jardunaldiak antolatuko ditu, Kultura eta Turismo Departamentuan bertan. Era berean, hartzaile lanak egiten dituzten enpresek eta bidaia agentziek Expo Zaragoza 2008 eta Nafarroako produktu turistikoak (Erriberakoak eta Sanferminak, bereziki) uztartzeko eskaintzak egin ditzaten ere sustatuko du.


Nazioarteko Erakusketak, berriz, honako hauek eginen ditu, ordain gisa: Erakusketako bisitarien beharrizanak asetzeko Nafarroako ostatuak kontuan hartu daitezen bultzatzea; Expo Zaragoza 2008 dela-eta Nafarroan antolatuko dituzten jardueren programaren berri ematea; azoka esparruko sarreren salmentari buruzko informazioa ematea; Foru Komunitatean ostatu hartuko duten lagunek Nafarroan jasoko duten arreta bereziaren berri ematea; Nafarroako Turismoari Erakusketako eragile eta agentzia ofizialen zerrendaren berri ematea (estatukoak zein nazioartekoak); hartzaile lanak egiten dituzten enpresek eta bidaia agentziek Expo Zaragoza 2008 eta Nafarroako produktu turistikoak (Erriberakoak eta Sanferminak, bereziki) lotzeko eskaintzak egin ditzaten sustatzea; eta Expo Zaragoza 2008 Erakusketako webean Nafarroako informazio turistikoa eman dadin bultzatzea.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa