Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Miranda kontseilariak Planaren berri eman du, gaur
Nafarroako Nazioarteko Planak Nafarroaren nazioartekotzea sustatzea du helburu, ekonomiaren zein gizartearen ikuspuntutik. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak sustatzen duen Plana da, eta Foru Administrazioko beste Departamentu batzuk ere parte hartuko dute bertan.
Álvaro Miranda Simavilla bigarren presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariak eta Juan Franco Pueyo Nazioarteko Garapeneko zuzendari nagusiak proiektuaren xedeak eta metodologia aurkeztu dituzte, prentsaurrekoan.
Bost jarduera esparru
Ekimenaren helburua da Foru Komunitatea kanpoan gehiago agertzea eta nazioarteko harreman gehiago izatea. Funtsezko bost jarduera ardatz ditu: gizartea sentikortzea eta prestatzea, hizkuntzen ikaskuntza eta atzerrira joateko bekak sustatuz; Nafarroarentzat estrategikoak diren beste eskualde batzuekin itunak eta sareak osatzea; irudi ekonomikoa kanpoan sustatzea; Europako eta nazioarteko proiektuen berri izan, eta horiek kudeatzea; eta enpresak nazioartekotzeko jarduerak garatzea.
Plana diseinatzeko bost lantalde sortuko dituzte, bat ardatz bakoitzerako. Talde bakoitzak kasuan kasuko gaiari buruzko adituak izanen ditu, eta Administrazioko arduradun batek koordinatuko ditu. Hiru koordinatzaile Ekonomia eta Ogasun Departamentukoak izanen dira. Honako hauek, hain justu: María Lozano Nafarroako Gobernuak Bruselan duen Bulegoko zuzendaria, itunen eta sareen taldea koordinatuko duena; Carmen Mier Nazioarteko Programen eta Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, irudi ekonomikoa kanpoan sustatzeko taldea koordinatuko duena; eta Ana Lizarraga Dallo Europako Ekintzaren Zerbitzuko zuzendaria, Europako eta nazioarteko proiektuen arloa koordinatuko duena.
Gainera, Hezkuntza Departamentuak ere parte hartuko du, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren bidez, eta prestakuntza eta sentikortze taldea koordinatuko du. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak, berriz, Begoña Urien Enpresaren zuzendari nagusiaren bidez parte hartuko du, eta enpresak nazioartekotzeko arloa koordinatuko du.
Talde bakoitzak dagokion gaia landuko du, eta jarduera zehatz batzuk egin daitezen proposatuko du. Aurreikuspenen arabera, Plana idatzita egonen da datorren ekainerako.