(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

San Adriángo markesaren erretratua, Goyarena, Prado Museora eraman dute asteartea, 2008.eko apirilak 1

1808ko maiatzaren eta Independentziaren Gerraren hasieraren 200. urtemuga dela-eta, Prado Museo Nazionalak Goyari buruzko erakusketa inauguratuko du, apirilaren 14an, Espainiako Errege-erreginen parte-hartzearekin. Madrilgo 1808ko maiatzaren 2ko eta 3ko margolan handiak izanen dira, hain justu, erakusketaren ardatz.


San Adriángo Markesaren erretratua lekuz aldatzeko lanak

Erretratua lekuz aldatzeko lanak. ( irudia handitu )

Erakusketaren izena "Goya en tiempos de guerra" izanen da, eta XVIII. mendearen amaieratik 1819ra bitarteko lanak bilduko ditu. 1819an, hain zuzen, Goyak bere azkeneko margolan publikoa egin zuen, "La Comunión de San José de Calasanz" izenekoa.


Prado Museoko margolan eta irarlanez gain, mundu osoko museo eta bildumetako lanak bilduko dituzte erakusketan. Hartara, artistaren lanen oinarriak eta irudien formulazio berezia hobeto ezagutu ahal izanen dira, aipaturiko aldiari dagokionez. Erakusketan egonen den lanetako bat San Adriángo markesaren erretratua da, Aragoiko margolariak 1804an egin zuen lana, Nafarroako Museoan egon ohi dena.


José María de Magallón y Armendáriz Tuteran jaio zen, 1765ean, eta San Adriángo bosgarren markesa, Monteagudoko jauna, Espainiako Handia, eta Calatravako Ordenako zalduna izan zen. Napoleonen inbasioaren garaian, José Bonaparteren gobernuaren kolaboratzaile izan zen, frantziar pentsaerarekin bat eginez, eta gorteko zeremonia maisu ere izan zen. Horregatik, Independentziaren Gerra amaitu zenean, Frantziara ihes egin behar izan zuen. Riegoren altxaldiaren ondoren (1802), amnistia eman zuten, eta José María de Magallón y Armendáriz Espainiara itzuli zen, Tuterara. Fernando VII.ak absolutismoa ekarri zuen, berriro, eta orduan, Bordelera itzuli zen. Goyak ere bertan egin zituen bere azken urteak, erbesteratuta, 1828an hil zen arte.


San Adriángo Markesaren erretratua Nafarroako Museoko margolanik garrantzizkoenetako bat da, eta kontserbazio arrazoiak direla-eta, aldi baterako erakusketa handietarako edo garrantzi handiko ospakizunetarako baino ez dute uzten. Margolana 1966az geroztik Nafarroako Museoko funtsen parte da, eta harrezkero, bi aldiz bakarrik atera da bertatik. 1969an Bruselan egon zen ikusgai, "El Retrato Español" erakusketan, eta 1996an Zaragozan, Aragoiko Gobernuak antolatu zuen "Realidad e Imagen. Goya 1746-1828" erakusketan (margolariaren jaiotzaren 250. urteurrena zela-eta). Uztailaren erdialdean, Prado Museoko erakusketa amaitzen denean, margolana Nafarroako Museora itzuliko da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa