(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Haurren gizentasunari aurrea hartzeko kanpaina bultzatu du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ostirala, 2008.eko apirilak 4

Programaren baitan, jarduerak aurreikusi dituzte Barañain, Zizur eta Ermitagañako osasun etxe, ikastetxe publiko eta gizarte zerbitzuetan


Elikadura osasungarriko piramidea.

Elikadura osasungarriko piramidea. ( irudia handitu )

Iruñeko Eskualdeko Barañain, Zizur eta Ermitagañako osasun etxeek eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Lehen Mailako Artapeneko Zuzendaritzak haurren gizentasunari aurrea hartzeko kanpaina bultzatu dute. Kanpainaren helburua da haurrek eta gazteek kirola egin dezaten eta modu osasungarrian elikatu daitezen sustatzea, eta arreta berezia eskainiko dio gosariak elikaduraren baitan duen garrantziari. Hiru osasun etxeetako Gizarte Lanaren Zerbitzuen ekimena da.


Kanpainan parte hartuko dute pediatriako erizaintzako eta pediatriako profesionalek, ikastetxeek, gurasoen elkarteek, eta udaletako zerbitzuek. Programa datorren astelehenean jarriko dute abian, apirilaren 7an, Osasunaren Mundu Eguna dela-eta. Jarduerak Barañain, Zizur eta Ermitagañako osasun etxeetan, ikastetxe publikoetan eta gizarte, kirol eta gazteria zerbitzuek antolatutako lantegietan eginen dituzte.


Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Lehen Mailako Artapeneko Zuzendaritzak egindako azterlan baten arabera, 15 urtetik beherako nafar neska-mutikoen %11,4k gehiegizko pisua dute, eta %8,8k, berriz, gizentasuna. Osasunaren Mundu Erakundeak epidemiatzat jo du gizentasuna, eta adierazi duenez, eragin handia du osasunean. Horregatik, beharrezkoa da osasunaren, hezkuntzaren, familiaren eta komunitatearen esparruetan batera jardutea. Osasunbideak bultzatu duen kanpaina NAOS Estrategiaren baitan dago kokatuta. Hots, haurren gizentasunari aurrea hartzeko nutrizioari eta jarduera fisikoari buruzko estrategian. Programaren baitan, honako jarduera hauek daude:


Osasunaren arloan, Barañain, Zizur eta Ermitagañako Pediatriako eta Pediatriako Erizaintzako kontsultek informazioa emanen dute, hitzez eta eskuorrien bidez, eta nutrizio egoera onean egoteko eta errendimendu fisiko eta intelektual egokia izateko gosariak duen garrantziaren berri emanen dute. Elikaduraren arloko beste jokabide osasungarri batzuen berri ere emanen dute. Informazio hori guztia pediatriako azterketetan eskainiko dute.


Gainera, Barañain, Zizur eta Ermitagañako Osasun Etxeetan erakusketak eginen dituzte. Hain zuzen ere, 14 informazio taula jarriko dituzte, honako hauek aztertzeko, besteak beste: elikagaiei buruzko publizitatea telebistan, seme-alabengan ohitura osasungarriak sortzeko moduak, edo elikaduraren ekonomia (izan ere, modu osasungarrian jatea ez da garestiagoa).

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa