(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

"Navarra a la carta" turismo gastronomikoko liburua, munduko hirugarren onena bere kategorian osteguna, 2008.eko apirilak 17

"Navarra a la carta" izeneko liburuak, gastronomiari buruzkoak, bere kategoriako hirugarren onenaren izendapena jaso du "Gourmand World Cookbook Awards" lehiaketan; 6.000 argitalpen lehiatu dira bertan, 107 herrialdetakoak eta 40 hizkuntzatan idatziak. Irabazleak hurrengo fasera pasatuko dira, alegia "gai honetako munduko libururik onena" izendapena nori eman erabakiko denera.  


 "Navarra a la carta" liburuaren portada

"Navarra a la carta" liburuaren portada. ( irudia handitu )

Argitalpena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Kultura eta Turismo Departamentuak plazaratu dute, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitaterako Institutua sozietate publikoaren bitartez (ICAN).


Erabakia hartu duen nazioarteko epaimahaiak kide hauek izan ditu: Jean Jacques Ratier, Sorgesko alkatea, (Périgueux-Frantzia); Dun Gifford, Oldways, irabazi-asmorik gabeko fundazioko lehendakaria (AEB), Bo Masser, Booktown Grythyttanekoa (Suedia); eta Edouard Cointreau bera, 1995ean Sukaldaritzako Liburuen Munduko Sariak (World Cookbook Awards) sortu zituena, 2001etik aurrera "Gourmand World Cookbook Awards" deitutakoak, nazioarteko lehiaketa bakarra arlo honetan.


Saritutako liburuaren egileak hauek izan dira: Pedro Luis Lozano, testuak idatzi dituena, eta Patxi Uriz, argazkilari profesionala, bidaietan eta gastronomian espezializatua. Argitalpenaren ardatza Nafarroako Foru Komunitateko bertako nekazaritzako elikagaiak dira, zenbait jatetxek emandako errezetekin hornituta, hala nola Rodero, Basa Kabi edo Urdax jatetxeek. Argazkilariak Nafarroako irudi adierazgarri eta enblematikoak tartekatu ditu liburuan zehar, eskualde bakoitzak berezkoak dituen nekazaritzako elikagaiekin lotutakoak.


Esan bezala, liburuko testuak Pedro Luis Lozano idazlearenak dira, Nafarroako Gobernuko egungo Kultura zuzendariarenak alegia. "Nafarroako Erresuma, Espainiako sukaldaritza-kulturen bilduma" izeneko hitzaurrea, berriz, Víctor Manuel Sarobek egin du, sukaldaritzako gaietako espezialista entzutetsua denak.


Zehazki, lana bost ataletan egituratuta dago, izenburu hauekin: "Hasierakoak", "Lehen Platerak", "Bigarren Platerak", "Postreak" eta "Ardoak eta likoreak". "Hasierakoak" delako atalean hauek daude sartuta: olioa, Erromaren herentzia; zainzuriak (eguzkiaren bila); piperrak (Erriberako pasioa); txistorra (txerriaren txistua); eta boilurra (lur azpiko altxorra). "Lehen platerak" izenekoan, berriz, hauek daude sartuta: menestra (zaporeen bat-egitea); potxak (beti gazte); onddoak (basoko sekretuak); otapurrak (artzainen ogia), eta "odolki zuria" (ezezagun samurra). "Bigarren Platerak" izena daramatenen artean hauek daude: amuarraina (Iratiko zilarra); usoa (zeruko oparia); txekorra (altuerako zaporea); zezena (Iruñeko balioa), eta txerrikumea (gutizia kraskatsua). Eta aurreko guztia osatzeko, "Postreak": mamia (postre aratza); gaztak (Erronkaritik Urbasara), eta gereziak (glamourraren gorria), eta "Ardoak eta Likoreak": patxarana (nafar kolorea); moskatela (gozotasun gordea), eta ardoa (mahats jainkozkoak).


Esan beharra dago "Navarra a la carta" liburua "Bidaia gastronomikoen libururik onena" izeneko kategorian lehiatu zela, Espainiako onena izendatua izateko. Lehen tokia lortuta, beste 17 herrialdetako beste 17 libururekin lehiatu zen berriz ere. Azkenean, joan zen igandean, apirilaren 13an, "Navarra a la carta" liburuak hirugarren tokia eskuratu zuen Londresko Olympia Antzokian egindako ekitaldian. Argitalpen honen aurretik, irabazle suertatu ziren Londresko bat, lehena, eta Txinako beste bat, bigarrena.


Liburuko argazkien egile Patxi Uriz joan zen Britainia Handiko hiriburura saria jasotzera lehiaketaren antolatzailearen eskuetatik; antolatzaileak berak aurkeztu zuen liburua Londresko Liburuaren Azokan -munduko bigarrena garrantziaren aldetik-. Urtean sukaldaritzari eta ardoari buruzko 26.000 liburutik gora argitaratzen dira munduan.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa