(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroa 2012 Plana onartu dute, zuzkidura eta azpiegitura publikoetarako inbertsioak egiteko

astelehena, 2008.eko apirilak 21

Nafarroako Gobernuak, gaurko bileran, Nafarroa 2012 Plana onartu du, Foru Komunitateko zuzkidura eta azpiegitura publikoetarako inbertsioak egiteko. Hain zuzen ere, 4.508 milioi euroko gastua eginen dute datozen lau urteetan.


Plana Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Elena Torres Miranda PSN-PSOEko idazkariordeak sinatu zuten, joan den astean. Dokumentua Nafarroako Parlamentura igorriko dute orain.


UPN eta PSN alderdiek aurrekontuen gainean egin zuten hitzarmenaren esparruan kokatuta dagoen ekimena da, eta Foru Komunitatearen historian egin den inbertsio ahaleginik handiena osatzen du. Haren helburu nagusiak bi dira. Batetik, hurrengo urteetarako aurreikusita dagoen dezelerazio ekonomikoa arintzen laguntzea, eragile ekonomiko eta sozialetan eta herritarrengan, oro har, konfiantza sortuz; eta bestetik, Nafarroari ekoizpen eta gizarte azpiegitura berriak ematea, etorkizunari arrakastaz aurre egiteko lehiakortasuna eta aurrerapena bereganatu ditzan, 2012ari begira.


Planean aurreikusita dauden 4.508 milioi euroez gain, toki erakundeek beste 440,4 milioi euroko inbertsioa eginen dute, zuzenean, toki azpiegituren planen bidez.


Lehentasunezko 90 ekintza


Planak lehentasunezko 90 ekintza ditu, honako arlo hauetan: osasuna, gizarte zerbitzuak, hezkuntza, etxebizitza, kultura, teknologia, industria, errepideak, nekazaritza, ingurumena, etab.


Aurreikusita dauden proiektuen artean, bestalde, honako hauek nabarmendu ditzakegu: abiadura handiko trena, Nafarroako Ubideari eta eremu ureztagarriari jarraipena ematea, babestutako 15.000 etxebizitza eraikitzea, Sarrigurenen ezinduentzako zentro bat eraikitzea, medikuntzako gune teknologiko bat eraikitzea, Lekarozen funtzio anitzeko hezkuntza zentro bat eraikitzea, Nafarroako Ospitalean ikerketa zentro berri bat sortzea, eta Kontserbatorioa eta kiroldegi bat eraikitzea.


Beste inbertsio batzuen xedeak hauek izanen dira: Martzillako Gaztelua eta Rozalejoko Markesaren Jauregia zaharberritzea, Tuteran eta Lizarran epaitegi berriak eraikitzea eta Iruñeko Justizia Jauregia handitzea. Gainera, honako hauek ere sustatuko dituzte: hamar industrialde beste horrenbeste herritan; Pirinioetarako plan berezia; Pirinioetako autobidea Nafarroako mugaraino eramatea; tunelak eraikitzea, Erro eta Mezkiritzeko mendateak saihesteko; eta garraioaren hiria handitzea.


Inbertsioetarako 4.508 milioietatik, 1.947,7 milioi Nafarroako Gobernuko departamentuek finantzatuko dituzte; 1.348,7 milioi, sozietate publikoek; eta 1.212,4 milioi €, Nafarroaren eta Estatuaren arteko lankidetzaren bidez.




Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa