(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Jarduera artistikoetarako eta kultur guneetarako laguntzen programaren baitan, 8.115.200 euroko gastua aurreikusi dute asteazkena, 2008.eko apirilak 23

Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez, 8.115.200 euroko laguntzak emanen ditu, aurten, arte gaietako trebakuntza, sorkuntza eta hedapenerako eta kultur guneak eraikitzeko. 2007arekin alderatuz gero, laguntzaren zenbatekoak %198 egin du gora. Iaz, berriz, %217 egin zuen gora, 2006arekin alderatuz gero.


Trebakuntzaren arloan, honako hauek aurreikusi dituzte: arte ikasketak Estatuko edo atzerriko ikastetxeetan osatzeko laguntzak; Vianako Printzea bekak; kultur teknikari eta kudeatzaileentzako ikasketa eta trebakuntza Poltsak. Laguntzen guztizko zenbatekoa 361.200 eurokoa izanen da (2007an, 166.000 euro eman zituzten, eta 2006an, berriz, 7.000). Zehazki, arte ikasketak osatzeko laguntzei dagokienez, 270.200 euro emanen dituzte, eta honako deialdi hauek eginen dituzte, urtero: Arte Plastikoetako bi beka, Ikus-entzunezko Arteetako bi beka, Arte Eszenikoetako hiru beka, eta Musikako hiru beka. Vianako Printzea bekei dagokienez, berriz, 50.000 euroko gastua aurreikusi dute, nafar gazteek artearen eta musikaren arloko trebakuntzako proiektu bereziak egiteko ezohiko bi beka emateko, eta 25.000 euroko gastua, ezintasunen bat duten artistentzako ezohiko beka bat emateko. Bestalde, bi ikasketa poltsa eginen dituzte, "Pablo Sarasate" Nazioarteko Biolin Lehiaketan eta "Julian Gayarre" Nazioarteko Kantu Lehiaketan nabarmendu diren lehiakideen hobekuntzarako, eta 4.000 euroko gastua eginen dute. Kultur teknikari eta kudeatzaileen trebakuntzari dagokionez, urteroko laguntzen deialdia eginen dute, 3.000 euroko gastuarekin, kulturaren kudeaketari buruzko graduatu ondoko ikasketak, masterrak edo antzeko ikasketak egiteko. Gainera, etengabeko trebakuntzari eta lanbide eguneratzeari buruzko jardunaldiak eginen dituzte, 9.000 euroko gastuarekin.


Sorkuntzarako laguntzei dagokienez, aurten 228.000 euro emanen dituzte. 2007an, 212.000 euroko gastua egin zuten, eta 2006an, berriz, 135.000 eurokoa. Honako laguntza hauek emanen dituzte: lau deialdi, 28.000 euroko guztizko gastuarekin, arte plastikoetako sorkuntzako proiektuak egiteko; 85.000 euroko laguntza, film laburrak eta lan bideografikoak egiteko; 24.000 euroko laguntza, profesional bihurtzen ari diren artistek arte plastiko, zinema, ikus-entzunezko eta multimedia lanen ekoizpenerako guneak edo lantegiak alokatzeko; 85.000 euroko laguntza, muntaia eszenikoetarako; eta 6.000 euro, literatura lan berri bat (kontakizuna edo saiakera) idatzi eta argitaratzeko.


Arte ekoizpenei dagokienez, aurten 555.000 euroko laguntza emanen dute. Iaz, berriz, 485.000 euro eman zituzten. Zenbatekoa honela banatuko da: 350.000 euro, film luzeak ekoizteko; 150.000 euro, antzerkigintzarako; eta 55.000, ediziorako.


Hedapenerako laguntzei dagokienez, 1.310.000 euroko gastua aurreikusi dute. Aurreko bi urteetan, berriz, 609.000 euro eman zituzten (urte bakoitzean). Zehazki, honela banatuko dira laguntzak: 600.000 euro, Nafarroako Udal eta Kontzejuetarako, arte eta kultur jarduerak sustatzeko; 50.000 euro, sustatzaile eta partikularrentzako, kultur hedapeneko programak egiteko; 35.000 euro, birak, biltzarrak, lehiaketak eta jaialdiak egiteko; eta 625.000 euro (partida berria), Nafarroako Antzokien Sarea sortzeko, eta hartara, antzerki eta dantza programazio egonkorra egiteko.


 Amaitzeko, ekipamenduak eraikitzeko (Kultur Etxeak eta beste kultur gune batzuk), 5.661.000 euroko gastua aurreikusi dute. 2007an, 2.621.000 euro eman zituzten, eta 2006an, berriz, 650.000.

Dokumentazioa:
Programa de ayudas 2008

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa