(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak 200.000 euroko laguntzak onartu ditu 2008rako, elikagaien segurtasuna bermatzeko trazabilitate sistemak ezartzeko osteguna, 2008.eko apirilak 24

Nafarroako Gobernuak, Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilariaren Foru Aginduaren bidez, nekazarien elkarteek 2008-2011 aldian trazabilitate sistemak ezartzeko laguntzak emateko erabakia hartu du. Zehazki, Foru Aginduan xedatu dutenez, 2008an 200.000 euroko diru laguntzak emanen dituzte helburu horrekin. Trazabilitateak elikagaien segurtasuna bermatzen du, eta produktuen ekoizpen prozesuari buruzko informazioa ematen die kontsumitzaileei.


Nekazaritzako ustiategiak elika-katearen hasieran daude, eta ondorioz, gainerako sektore guztiak lehengaiz hornitzen dituzte. Hartara, nekazaritzako ustiategietako trazabilitate sistemek eragina dute gainerako eragileen kudeaketan.


Datuak kudeatzeko sistemak informatizatu eta automatizatzeko eta langileak trebatzeko inbertsioak egin nahi dituzten nekazaritzako ustiategiek parte hartu ahal izanen dute 2008ko laguntzen deialdian. Laguntzen bidez inbertsioaren %40 ordaindu ahal izanen dute, gehienez ere, eta gehienezko laguntza 60.000 eurokoa izanen da. Bestalde, langileen trebakuntzari dagokionez, gehienez ere kostuaren %75 ordainduko dute, eta gehienezko laguntza 6.000 eurokoa izanen da.


Elikagaien segurtasunari buruzko legedia betetzeko, enpresa batzuek trebakuntza jarduerak egin behar dituzte eta ekipamenduaren zati bat, kudeaketa sistemak, eta hornitzaile eta bezeroekiko harremanak aldatu behar dituzte. Hala ere, jatorrian ekoizten duten nekazaritzako ustiategiek zailtasunak izaten dituzte sistema horiek ezarri eta euren ekoizpen eta kudeaketa sistemari egokitzeko. Horregatik, Nafarroako Gobernuak beharrezkotzat jotzen du ustiategi horietan trazabilitate sistemak ezartzeko laguntzak ematea, baldin eta aipaturiko ustiategiak nekazarien elkarteetan sartuta badaude eta laguntzen azken onuraduna nekazari partikularra bada.


Bestalde, laguntzak lotuta daude Nafarroako Nekazaritzaren Plan Estrategikoaren helburuekin (Plana 2006an onetsi zuten), eta jarraipena ematen diote trazabilitate sistemak ezartzeko laguntzen politikari. Aipaturiko politikari esker, hain zuzen, Nafarroako nekazaritzako elikagaien enpresek trazabilitate sistemak ezarri ahal izan dituzte azken urteetan. Gainera, laguntzak koordinatuta daude "nekazaritzako ustiategiak modernizatzeko" Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programako aurreikuspenekin.


Trazabilitatea elikagaien segurtasuna bermatzen duen kudeaketa tresna da. Izan ere, produktuen ibilbideari buruzko oinarrizko datuak etengabe gorde, ordenan jarri eta ematea ahalbidetzen du. Europako legediaren arabera, gainera, trazabilitatea derrigorrezko tresna da elika-kateko eragile guztien kasuan. Trazabilitate sistemek produktuen jarraipena egiteko eta produktuak merkataritza katean kokatzeko balio dute. Bestalde, kontsumitzaileek produktuei buruzko informazioa izateko eskubidea dute, eta trazabilitateak hala ahalbidetzen du.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa