(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Erregistro Elektroniko Orokorraren sorkuntza arautuko duen proiektua igorriko dio Gobernuak Nafarroako Kontseiluari

astelehena, 2008.eko apirilak 28

Foru Komunitateko Administraziorako eta haren erakunde autonomoetarako Erregistro Elektroniko Orokor bakarra eta komuna sortzeko izapideak egiten hasi da Nafarroako Gobernua. Herritarrek, hartara, helbide elektroniko bat edo www.navarra.es atarian jarriko duten sarbide bat erabili ahal izanen dituzte eskaera, idazki eta jakinarazpenak aurkezteko, urteko 365 egunetan, egunean 24 orduz, bulego batera joan ordez.


Erregistro Elektroniko Orokorra arautuko duen Foru Dekretuaren proiektua gobernu taldeak aztertu du, gaur, eta aurki, Nafarroako Kontseiluari igorriko diote, aztertzeko, eta zerbitzua 2008an bertan abian jarri ahal izateko. Sistema informatikoa sortzeko eta Nafarroako Zerga Ogasuneko gaur egungo erregistro telematikoa egokitzeko 670.000 euroko gastua egin beharko dute, aurreikuspenen arabera, 2008tik 2010era bitarte.


Erregistro Elektroniko Orokorrak, era berean, dokumentu ofizialen irteera telematikoa ahalbidetuko du. Erregistroaren sorkuntza, hain zuzen, Administrazio Elektronikoa mailaz maila ezartzeko prozesuaren urratsetako bat da, 11/2007 Foru Legean xedatu zutenari jarraiki. Aipaturiko Foru Legea inflexio puntua izan zen, administrazio modernoa, eraginkorra eta aurreratua (teknologiaren ikuspuntutik) egia bihurtzeko beharrari dagokionez. Gaur egunera arte zenbait neurri hartu dituzte, ordainketa telematikoen esparruan aurrera egiteko, edo sinadura elektronikoa Administrazioetan hedatzeko, besteak beste.


Gainera, Nafarroako Gobernuak plan integral bat jarriko du abian, uztailean, Europar Batasunak 2010ari begira ezarri dituen helburuak erdiesteko. Plana idazten ari dira, eta garapen faseak Administrazio Elektronikoaren Batzordean azaldu zituzten, atzo (Batzordearen osaera zela-eta). Gaur egun, aipaturiko aurreikuspenen %65 betetzen direla jotzen dute.


Foru Dekretuaren proiektuan Erregistro Elektroniko Orokorraren funtzioak eta dokumentuak aurkezteko epeak edo baldintza orokorrak zehaztu dituzte. Erregistroa Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikita egonen da, baina hala ere, berariazko erregistro elektronikoak ere sortu ahal izanen dira. Internet bidez, erabiltzaileak identifikatzeko erabil daitezkeen sinadura elektronikoaren sistemak argitaratuko dituzte, eta baita dokumentuak aurkezteko baldintza teknikoak ere (formatuari eta segurtasunari dagozkionak).




Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa