(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak dolumina adierazi du, Iñaki Ochoa de Olza mendizalearen heriotza dela-eta ostirala, 2008.eko maiatzak 23

Erreskate lanetan buru-belarri aritu diren pertsona guztiei eskerrak eman dizkie


Nafarroako Gobernuak dolumina adierazi du Iñaki Ochoa de Olza alpinistaren heriotza dela-eta. Mendizalea gaur goizean hil da, Himalaya mendikateko Annapurna mendian, Nepalen. Gobernuak dolumina helarazi die, Ochoa de Olzaren ahaideei ez ezik, mendizaleei ere, oro har; izan ere, mendizaletasunaren ordezkaririk garrantzitsuenetako bat galdu dute.


Alberto Catalán Higueras Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilariak agerraldia egin du, hedabideen aurrean, eta adierazi duenez, azkeneko egunetan Gobernua adi egon zaio, kezka handiz, nafar mendizale handiaren bilakaerari, eta ahal duen bitarteko guztiak eskaini ditu haren heriotza saihesteko. Gobernua, berriro ere adierazi duenez, prest dago beharrezkoa den laguntza emateko.


Alberto Catalánek adierazi duenez, Iñaki Ochoa de Olzaren heriotza dela-eta -Nafarroako Kirol Institutuaren aipamen berezia, 1997an, bere ibilbidearengatik- "mendiarekiko zaletasunak eraginda zortzimilako ugari igo eta alpinismoko zenbait errekor lortu zituen pertsona desagertu da". "Joan egin da, beraz, alpinismoaren ordezkari bikain bat, mendiaren eredua bizi izan duen pertsona, giza balio nobleak helarazten jakin izan duena".


Dolumina adierazteaz gain, Gobernuaren eta nafar guztien izenean Alberto Catalánek azpimarratu duenez, "gaurkoa eskerrak emateko eguna ere bada. Eskerrak Diario de Navarra egunkariko bulegoetan erreskate lanak koordinatzen aritu den taldeari, eta bertako buru izan den Koldo Aldaz mendizale adituari; Cristina Orofino, Jorge Nagore eta Juan Tomási; Koldo Martínez eta Kiko Betelu nafar sendagileei, eta baita Asturiasko Jorge Egocheagari ere, telefonoz eman duen laguntzarengatik; eta espedizioko kideei, Errumaniako Horia Colibasanuri, eta Errusiako André Bolotovi, laguntzearren atzera itzuli bazen ere, osasun arazoak medio Iñakiri laguntzerik izan ez duenari".


Gobernuaren eledunak eskerrak eman dizkie, era berean, Annapurna mendian erreskate lanetan aritu diren espedizioetako kideei ere. Hain zuzen ere, Suitzako Uli Steck eta Simon Anthamattennen espedizioari (gorako bidea utzi eta Iñaki erreskatatzen ahalegindu ziren), eta Errusiako Sergei Bogomolov buru zuenari. Baita Kanadako Don Bowie eta Kazakhstango Denis Urubkori ere. Guztiak ere gizatasun osoz aritu dira, eta euren burua ere arriskuan jarri dute, azkenean gertatu dena saihesten ahalegintzeko.


Catalánek, gainera, eskerrak eman dizkie hedabideei, Iruñeko alpinistaren azken egunetako informazioa helarazteagatik. Eskerrak eman dizkie, azkenik, erreskate lanetan buru-belarri aritu diren gainerako pertsona guztiei ere.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa