(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak eta Izabako Udalak Erronkaribarko udalerri horretan herritarren segurtasuna hobetzeko oinarriak ezarri dituzte asteartea, 2008.eko maiatzak 27

Turista kopuruaren eta biztanleria mugikorraren gorakadak eragindako arazoei aurre egiteko, "Izabako adierazpenean" hainbat neurri aztertzea aurreikusi dute, hala nola tokiko polizia taldea edo Foruzaingoaren bulegoa sortzea


Javier Caballero Martínez lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak eta Ángel Luis de Miguel Barace Izabako alkateak herri segurtasunari buruzko adierazpen bat izenpetu dute, gaur. Hartara, Pirinioetako inguru horretako artapena indartzeko oinarriak ezarri dituzte. Izan ere, Izabako Udala kezkatuta dago eta komenigarritzat jotzen du azkeneko urteetan turista kopuruak eta biztanleria mugikorrak izandako gorakadak eragin dituen arazoei (segurtasun eza) aurre egitea, zuzenean eta gertutik.


Adierazpena Izabako Udalean izenpetu dute, eta bertan, irtenbideak bultzatzeko konpromisoa hartu dute bi alderdiek. Har daitezkeen neurriak, besteak beste, honako hauek dira: tokiko polizia taldea sortzea (eskaera berezia da; izan ere, Nafarroan 5.000 biztanletik gorako udalerrietan baino ez dute egiten horrelakorik, oro har); Foruzaingoak erabiltzeko bulegoa ezartzea; Nafarroako Larrialdietako Agentziarekiko lankidetza indartzea; edo mugaz gaindiko harremanak bultzatzea. Hitzarmena gorabehera, baliteke etorkizunean komenigarria izatea Erronkaribar osoa integratzea, arazoaren irismena eta kudeaketa direla-eta.


Nafarroan azalera handiena duten udalerrien artean hirugarrena Izaba da. Herriak 500 biztanle ditu, baina landa turismoaren eta aisialdi-kirol jardueren garapenaren, eski kanpainaren, eta ‘El Ferial’ eta ‘La Contienda’ zentroen sorkuntzaren ondorioz, besteak beste, 1.500 biztanletik gora ere izaten ditu urteko sasoi batzuetan. Udalaren ustez, beharrezkoa da beste segurtasun indar batzuek udalerrian egiten duten lana osatzea, eta zerbitzua bermatzea inguruaren berezitasunak kontuan hartuta. Horrexegatik, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari sostengua eskatu dio; hots, herritarren babes eta segurtasunari buruzko politikak garatzea dagokion Departamentuari.


Bederatzi konpromiso


 "Izabako adierazpenean" bederatzi konpromiso bildu dituzte. Hasteko, Nafarroako Gobernuak eta Izabako Udalak datuak bildu eta Izabako Herri Segurtasunerako Plana idatzi eta abian jartzeko irizpideak definitzeko konpromisoa hartu dute. Nolanahi ere, eta hala badagokio, lurralde eremuko plana eginen dute, eta kasu horretan, Nafarroako bigarrena izanen da (lehenengoa Erribera Garaian ezarri dute, berriki). Planak hiru ardatz izanen ditu: herritarren segurtasuna, mugikortasuna, zirkulazioa eta bide segurtasuna (Nafarroako Bide Segurtasunaren Estrategiaren esparruan) eta babes zibila eta larrialdien artapena. Segurtasunerako tokiko plana Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak diseinatuko du, hala badagokio.


Bestetik, bi alderdiek tokiko polizia taldea sortzeko aukera aztertzeko konpromisoa ere hartu dute. Kasu horretan, Departamentuak aholkularitza eskaini ahal izanen du (aholkularitza teknikoa, juridikoa eta administrazioaren arlokoa), eta langileak hautatzeko deialdiak ere hark egin ahal izanen ditu, adierazpeneko hirugarren puntuan adierazi duten moduan. Era berean, beste segurtasun bide batzuk ere ezarri ahal izanen dituzte. Gainera, Departamentuak banan-banan erantzunen die Izabako Udalak babes zibileko boluntario taldearen gainean egiten dizkion eskariei (borondatezko suhiltzaileak).

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa