(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Alberto Catalán kontseilaria Zaragozara joan da, gaur goizean, eta Expo 2008 Erakusketako Nafarroako Pabiloiko lanak ongi doazela egiaztatu ahal izan du ostirala, 2008.eko maiatzak 30

Alberto Catalán Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilaria Zaragozara joan da, gaur goizean, Expo 2008 Erakusketako Nafarroako Pabiloia ikustera. Pabiloiaren eraikuntza lanak azken fasean daude, hain justu


Rosa Mary Ibáñez eta Catalán kontseilaria proiektuaren arduradunekin. ( irudia handitu )

Kontseilariarekin batera egon dira Rosa Mary Ibáñez Nafarroako Pabiloiko zuzendaria eta Luis Garbayo pabiloiaren diseinatzailea ere. Kontseilariak adierazi duenez, pabiloiko edukiek "Nafarroako ingurumenari eta gizartearen garapenari egiten dizkion ekarpenak islatuko dituzte".


Ikustaldian egiaztatu ahal izan dutenez, pabiloia eraiki eta teknologiaz hornitzeko lanak bizi-bizi ari dira egiten, aurreikusitako epeak betez. Egitura arkitektonikoa dagoeneko amaituta dago, eta orain kanpo estaldurak egiten eta tresneria teknikoa kalibratzen hasi dira.


Espero dutenez, lanak amaituta egonen dira datorren ostegunerako, ekainaren 5erako. Izan ere, egun horretan Expo Erakusketak lehenengo karga proba eginen du, eta Nafarroak bertan parte hartu nahi du. Guztira bi proba orokor eginen dituzte, ordezkaritzak probatzeko eta sor daitezkeen arazo teknikoak konpondu ahal izateko. Datorren astekoa lehenengo proba izanen da, eta bigarrena, berriz, ekainaren 8an eginen dute, igandean.


Nafarroako Pabiloia


Nafarroako Pabiloia Autonomia Erkidegoen Eraikinean dago. Zehazki, Espainiako eta Aragoiko Pabiloien artean, Madril, Errioxa eta Extremadurako erakustokien ondoan. Sarbiderik zuzenena Ebroko Atea da.


Pabiloia Ken enpresak diseinatu du; hots, proiektua esleitu eta egiteko lehiaketa irabazi zuen enpresak. Óscar Pérez eta Carlos Pereda arkitektoek eta "Obras y Proyectos Grupo 20R S.L." enpresak eraiki dute.


Pabiloiak 360 metro koadroko azalera eta 7 metroko altuera ditu. Bertako elementu nagusia 30 metro luzeko eta U formako ikus-entzunezko bat da. Bertan, garapen iraunkorraren alde lan egiten duten 24 nafarren adierazpenak bildu dituzte, euren lanari eta eguneroko bizimoduari buruzko adierazpenak. Ingurumenaren zein gizarte lankidetzaren alde lan egiten duten nafar erakunde eta talde askoren ordezkariak dira. Ezagunenen artean Cuco Ziganda, Patxi Mangado, Pablo Hermoso de Mendoza, Miguel Indurain eta María Bayo aipa ditzakegu.


Bisitaldiaren une bat. ( irudia handitu )

Ikus-entzunezkoa "Arena Comunicación Audiovisual" Nafarroako ekoizpen etxeak egin du. Orotara 24 emanaldi dira, eta guztiek elkarrekin ikuskizun bateratu bat osatzen dute. Erretroproiektagailuekin egin dute lan, irudiak pantailaren atzealdetik proiektatzeko, eta ez aurretik, zinema aretoetan egiten duten moduan.


Pabiloiaren sabaian beste proiektagailu bat jarri dute. Bertan Lurraren irudia ikusi ahal izanen da, eta bira eginen du, bisitarien buruen gainean. Irudiaren bidez gizakiok planeta bakarra dugula eta etorkizuneko belaunaldietarako bizirik eusteko betebeharra dugula adierazi nahi dute.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa