(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Lizarran, irailean, Karlismoa Aztertzeko II. Jardunaldiak eginen dituzte ostirala, 2008.eko maiatzak 30

Lizarran, irailaren 24tik 26ra bitarte, Karlismoa Aztertzeko II. Jardunaldiak eginen dituzte. Aurtengo jardunaldien izenburua "Senideen arteko indarkeria: karlistak eta liberalak XIX. mendean" izanen da.


Bigarren jardunaldien bidez jarraipena eman nahi diete 2007an abiatu zituzten topaketa zientifikoei. Jardunaldien helburua da gerra zibil luzeari buruzko hausnarketarako foro izatea, jarraitutasunik gabe bada ere luze iraun zuen gerrari buruzko gogoeta egitea. Jardunaldiak Lizarrako Kultur Etxean eginen dituzte, iaz bezalaxe.


Hizlariak Espainia, Portugal, Frantzia eta Estatu Batuetakoak izanen dira, eta Karlismoaren Museoko Zientzialarien Aholku Batzordeko kideek hautatu dituzte. Batzordeko kideak honako historialari hauek dira: Juan Pablo Fusi Aizpurúa Unibertsitate Konplutentseko Historia Garaikidean katedraduna; Ángel García-Sanz Marcotegui Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historia Garaikideko irakasle titularra; Jordi Canal i Morell, Parisko l’École des Hautes Études de Sciences Sociales eskolako maître de conférences; eta José Ramón Urquijo Goitia Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko Historia Institutuko Ikerketako irakaslea.


Jardunaldi zientifikoak dira, eta batik bat unibertsitateko ikasleei, doktoreei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta ikertzaileei zuzenduta daude.


Saioak goizez eta arratsaldez eginen dituzte, hiru egunetan, eta guztira hamabi txosten aurkeztuko dituzte. Bestalde, José Mª Tuduriren "Crónica de las guerras carlistas 1872-1876" (Karlistaldien kronika, 1872-1876) filma eskainiko dute. Filmaren aurkezpena zuzendariak berak eta Juan Carlos Jiménez de Aberasturi historialariak eginen dute. Emanaldia Lizarrako Golem Los Llanos zinema aretoetan eginen dute. Nahi duen ororentzako jarduera da, eta sarrera doakoa izanen da, aretoa bete arte.


Izena emateko epea irailaren 10ean amaituko da. Kuota 100 eurokoa da, iaz bezalaxe, baina ikasleek eta soldatarik ez duten lizentziadunek %50eko beherapena lortu ahal izanen dute. Izena emateko eskubideak ordaintzen dituztenek jardunaldietako aktak eskuratu ahal izanen dituzte, argitaratzen dituztenean.


Bestalde, Kultura eta Turismo Departamentuak 10 beka emanen ditu, Unibertsitateko bigarren eta hirugarren zikloko ikasleentzat. Eskaerak egiteko epea abuztuaren 10ean amaituko da. Beka lortzen dutenek ez dute ordaindu beharko izena emateko kuota, eta 200 euro jasoko dituzte, ostatu hartzeko eta otorduetarako.


Jardunaldiei buruzko informazioa www.navarra.es webgunean edo Idazkaritzako 948274050 edo 676416984 telefono zenbakietan eskuratu daiteke.


2007an, Karlismoa Aztertzeko I. Jardunaldiak egin zituzten, "El Carlismo en su tiempo: geografías de la contrarrevolución" (Karlismoa bere garaian: kontrairaultzaren geografia) izenburuarekin. Hain zuzen ere, jardunaldiak irailaren 18tik 21eta bitarte egin zituzten, Lizarrako Kultur Etxean. Aktak aurki argitaratuko dituzte.

Dokumentazioa:
Programa de las Jornadas

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa