(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Iruñeko Eskualdeko tranbiaren ordezko aukerak aztertuko ditu asteazkena, 2008.eko ekainak 4

"Metro-bus" sistema aztertuko dute, tranbiaren antzeko ezaugarriak eta kostu ekonomiko eta begi inpaktu txikiagoa dituelako


“Metro-bus”

“Metro-bus” . ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Eskualdeko Mankomunitateak tranbiaren ordezko sistema gisa "metro-bus" delakoa ezartzeko aukera aztertuko dute. Izan ere, tranbia ezartzeko aukera baztertu egin dute, kostu ekonomiko eta begi eta hirigintza inpaktu handia dituelako.


Laura Alba Cuadrado Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariak eta Javier Torrens Alzu Iruñeko Eskualdeko Mankomunitateko presidenteak tranbiaren bideragarritasun azterlana aurkeztu dute, gaur goizean. Azterlana AIN eta Sener enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteak egin du.


Azterlanaren hiru faseak


Azterlanaren baitan, hiru fase bereiz daitezke. Lehenengoan, eskari korridoreak zehaztu dituzte; bigarrenean, berriz, eskaintza korridoreak. Hartara, hiru korridore definitu dituzte:


  • Ekialde-mendebalde korridorea : oinarrian lotuta dauden bi "i" grekoz osatutako korridorea, adarrak dituena Uharte, Sarriguren, Zizur eta Barañainera.
  • Ipar-hego korreidorea : oinarrian lotuta dauden bi "i" grekoz osatutako korridorea, adarrak dituena Berriozar, Ezkaba, Morea, Mutiloagoiti eta Mutiloabeitira.
  • Korridore zirkularra : Iruñeko hiriguneko aldirietan barrena.


  • Hirugarren faseari dagokionez, ekialde-mendebalde korridoreari buruzko azterlan espezifikoa da. Hasieran kontuan hartu ez zituzten zenbait alderdi ere erantsi dizkiote, hala nola eskualdeko garraio sare berri bat antolatzeko aukerak, Barañaingo adarra barruan sartzea, linea abiadura handiko trenaren geltokitik Zizurreraino luzatzea, erdigunean linea lurperatzeko aukerak, ustiapeneko defizitari aurre egiteko Administrazioak egin beharko lukeen gastua, ingurumenarekin eta legearekin zerikusia duten gaiak, eta azpiegiturak gizartean izanen lukeen eragina.


    Azterlanaren azkeneko faseak sei atal ditu: aukeren diseinua, garraio publikoko eskualdeko sarearen integrazioa, finantzaketa, ingurumen eta gizarte alderdiak, lege alderdiak, eta ezarpenerako egutegiaren proposamena.


    Tranbiaren abantailak eta desabantailak


    Tranbiaren abantailei dagokienez, azterlanak honako hauek nabarmentzen ditu: garraio ahalmena, merkataritza abiadura, ingurunearekiko bateragarritasuna, iraunkortasuna, eta erosotasuna.


    Desabantailei dagokienez, berriz, honako hauek: azpiegituren zurruntasuna, hiri lurraren okupazioa, lan handiak egin beharra, hirian begi inpaktu negatiboa izatea (gaur egun, sistema eraginkor bakarra katenaria bidezkoa da), zirkulazioan eragin handia izatea, geltokien arteko erradioa edo distantzia autobusaren kasuan baino handiagoa izatea, eta kostu handia (ezarpenari, mantentze lanei, eta ustiapenari dagokionez).


    Azterlana prebentzio eta ekologia arrazoiengatik egin dute, azpiegitura berehala egiteko beharrarengatik baino gehiago. Gainera, gaur egungo krisialdi ekonomikoa dela-eta, esku-hartzeak lehentasunaren arabera egin behar dira. Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak uste du beste aukera batzuk aztertu behar direla; hots, gaur egungo beharrizanekin modu egoki eta eraginkorragoan bat eginen duten aukerak. Erabakia Iruñeko Eskualdeko Mankomunitatearekin eta Iruñeko Udalarekin hitzartu dute.


    "Metro-busa"


    Alba kontseilariak eta Javier Torrensek nabarmendu dutenez, erakundeek "metro-bus" sistema aztertuko dute orain, sakon. Garraio sistema berria da, tranbiaren eta tradiziozko autobus sistemaren ezaugarriak dituena. Hartara, tranbiaren antzeko ezaugarriak ditu, baina kostu eta hirigintza inpaktu txikiagoa.


    "Metro-bus" zerbitzua autobusen bidez eskaintzen da (ohiko autobusak baino erosoagoak, modernoagoak eta edukiera handiagokoak). Autobus horiek eurentzako baino ez diren bideak erabiltzen dituzte, eta lehentasuna izaten dute gainerako ibilgailuekiko. Hartara, bizkorrago ibiltzen dira (metro-busak 18 km/ordu, eta ohiko autobusen kasuan, 12 km/ordu), eta erabiltzaileek denbora gutxiago igaro behar izaten dute itxoiten (7 minutu, eta ohiko autobusen kasuan 12 minutu). Nolanahi ere, beharrezkoa denean autobusak euren bidetik atera daitezke.


    Gainera, inbertsio txikiagoa behar duen sistema da (metro-busaren kasuan 5-9 milioi euro kilometro bakoitzeko, eta tranbiaren kasuan, berriz, 15 milioi), eta ezarpena bizkorrago eta begi eta hirigintza inpaktu txikiagoarekin egiten da. Garraio ahalmenari dagokionez, metro-busak 15.000 bat pertsona garraiatu ditzake orduko eta noranzko bakoitzean (ohiko autobusek, berriz, 5.000 pertsona, eta tranbiak, 20.000-30.000).

    Dokumentazioa:
    Vídeo de la rueda de prensa
    Audio de la rueda de prensa

    Nafarroako Gobernua

    Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa