Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Eskualdeetako Lantaldeko presidentea ere bilduko da ekitaldira, eta parte-hartzaileek Iruñea eta Torun 2016ko europar kulturaren hiriburu izateko hautagaitzari buruzko erakusketa ikusi ahal izanen dute
Datorren asteazkenean, Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidentea eta Yolanda Barcina Angulo Iruñeko alkatea Bruselara joanen dira, Eskualdeetako Lantaldearen egoitzara. Bertan, Iruñea eta Torun (Polonia), biak, 2016ko europar kulturaren hiriburu izateko hautagaitza aurkezteko ekitaldian parte hartuko dute.
Nafarroako Gobernuko presidenteak, Nafarroako hiriburuari sostengua emateaz gain, aukera aprobetxatuko du Kujawsko-Pomorskie eskualdearekin (Poloniako Pomerania) lankidetzako esparru akordioa eta elkarlaneko bi proiektu zehatz izenpetzeko. Aipaturiko proiektuak honako hauek dira: Europar Batasuneko funtsak kudeatzeko proiektua, eta droga mendekotasunaren prebentzio eta arreta plangintza egiteko proiektua.
Ekitaldia 20:00etan eginen dute, Eskualdeetako Lantaldearen egoitzan, Bruselan. Luc Van den Brande Eskualdeetako Lantaldeko presidentea bertan izanen da. Poloniako ordezkariei dagokienez, Piotr Calbecki Pomerania eskualdeko presidentea eta Michal Zaleski Torungo alkatea bertaratuko dira.
Mintzaldien txanda amaitu eta eskualdeen arteko lankidetza hitzarmena izenpetu ondoren, Iruñea eta Torun 2016ko europar kulturaren hiriburu izateko hautagaitza sustatzeko bi hiriek prestatu duten erakusketa ikusi ahal izanen dute ekitaldian parte hartu dutenek.
Nafarroako Gobernuaren sostengua, Iruñea 2016 hautagaitzari
Joan den astelehenean, asteroko bileran, Nafarroako Gobernuak erakundeen adierazpena onartu zuen, Iruñea-Torun 2016 hautagaitzari sostengua emateko. Foru Gobernuaren iritziz, proposamen egokia da; izan ere, kultura aberasteko eta Nafarroako hiriburua eta lurralde osoa turismoaren ikuspuntutik modu estrategikoan sustatzeko modua dela uste du. Gainera, Poloniarekiko harremanak estutzeko abiapuntua izan daiteke (berrikuntzaren, osasunaren, ingurumenaren eta hezkuntzaren arloan, besteak beste).
"Europar kulturaren hiriburua" Europar Batasunaren ekimena da, eta Europako kulturen aberastasuna, aniztasuna eta ezaugarri komunak nabarmentzea eta herritarrek elkar uler dezaten sustatzea ditu helburu. Kultura eta turismoa garatzen laguntzen du, epe luzera begira, eta gainera, parte hartzen duten hiri eta lurraldeen egitura eta gaitasuna modu iraunkorrean garatzeko estrategiaren oinarri izan daiteke.