(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak sostengua eman dio adimen nahasteren bat duten pertsonentzako esku pilota txapelketari ostirala, 2008.eko ekainak 13

Proiektua Adimen Osasunerako Nafarroako Elkarteak (ANASAPS) antolatu du, eta Iñaki Bidegain neurologoaren "Mano a mano" liburuaren salmentaren bidez finantzatu dute. Liburuan, Julián Retegi txapeldunaren deskribapen psikologikoa egin du egileak, eta Retegi bera txapelketaren finalean egonen da, datorren igandean, ekainaren 15en, 10:30ean, Iruñeko Labrit pilotalekuan


Esku pilota txapelketaren aurkezpena. Ezkerretik eskuinera, Pilar Elcarte, Iñaki Ojer, Iñaki Bidegain eta José Domingo Cabrera.

Esku pilota txapelketaren aurkezpena. Ezkerretik eskuinera, Pilar Elcarte, Iñaki Ojer, Iñaki Bidegain eta José Domingo Cabrera. ( irudia handitu )

Iruñeko Labrit pilotalekuan, datorren igandean, ekainaren 15en, 10:30ean, adimen nahasteren bat duten pertsonentzako Esku Pilota Txapelketako finalaurrekoak eta finala jokatuko dituzte. Txapelketa Adimen Osasunerako Nafarroako Elkarteak (ANASAPS) antolatu du, eta Iñaki Bidegain donostiar neurologoaren "Mano a mano" liburuaren salmentaren bidez finantzatu dute. Liburuan, Julián Retegi pilotari eta txapeldunaren kirol nortasuna aztertu du egileak, eta Retegi bera finaleko sari banaketara bildukoa da, hain zuzen.


Nafarroako Gobernuak eta beste erakunde batzuek sostengua eman diote ekimenari. Aurkezpena gaur goizean egin dute, prentsaurrekoan, honako hauek: José Domingo Cabrera Ortega Osasun Departamentuko Adimen Osasuneko zuzendariordeak; Pilar Elcarte Elcarte Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Mendekotasun Agentziako zuzendariordeak; Iñaki Ojer ANASAPS elkarteko ordezkariak; eta Iñaki Bidegain Alberdi txapelketa finantzatu duen liburuaren egileak.


Adimen nahasteren bat duten pertsonentzako esku pilota txapelketa antolatzeko ideia Iñaki Bidegain neurologoarena izan zen, eta ANASAPS elkarteari proposatu zion. Iñakik berak adierazi duenez, "oso ideia arraroa izan zen", baina ANASAPS elkarteak seriotasun osoz hartu zuen hasiera-hasieratik, eta bideragarria izan zedin, kideentzako aisialdi programan etengabeko jarduera gisa sartzea erabaki zuen.


Hartara, ikasturte honetan, irailaz geroztik, entrenamenduak egin dituzte Iruñeko Aranzadi kirol zentroko pilotalekuan, astean bi egunez. Begirale gisa pilotari profesionalak aritu dira, eta ANASAPS elkarteko dozena bat kidek parte hartu dute. Entrenamenduen ondorioz, zortzi pilotari amateurrek Labrit pilotalekuko finalaurrekoak eta finala jokatuko dituzte, datorren igandean. Hain zuzen ere, adimen nahaste larria duten pertsonak dira, 23-50 urtekoak.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa