(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak lana eta familia bateratzeari, antzinatasun osagarriari, eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko berritasunen berri eman die sindikatuei asteartea, 2008.eko ekainak 24

Nafarroako Gobernuak hiru Foru Dekreturen proiektuen berri eman zien, atzo, Funtzio Publikoaren Mahai Nagusian ordezkaritza duten sindikatuei. Hain zuzen ere, lana eta familia bizitza bateratzeari, administrazioko langileen kontratazioari eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko berritasunak biltzen dituzten proiektuak dira. Sindikatuek, berriz, atera dituzten ondorioen berri emanen diote, bihar, Foru Administrazioari, bilera batean. Ondoren, aldaketen izapideak egiten jarraitu ahal izanen dute.


Zehazki, Nafarroako Gobernuak funtzionarioen opor eta baimenei buruzko erregelamendu berri bat aurkeztu du, oinarrizko araudian (Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutua eta Langileen Estatutua) aurreikusita dauden neurriak barneratzeko. Berritasunek lana eta familia bateratzearekin dute zerikusia, eta hartara, funtzionarioek eskubidea izanen dute oporrak pilatzeko haurra izan, adoptatu edo harreran hartu ondoren, eta baita aitatasun baimena edo bularra emateko baimena ere (denbora osoko baimena), proposatutako Foru Dekretuan aurreikusita dagoenez, oporrei dagokien egutegiko urtea amaitu ez bada ere.


Gainera, haurra izan ondorengo ordaindutako baimena (17 aste, etenik gabe) luzatu eginen dute, bi baldintza betetzen badira. Hartara, funtzionarioek beste bi asteko baimena izanen dute haurrak ezintasunen bat badu, eta baita bigarren seme-alabaren ondoren jaiotzen den haur bakoitzeko ere (hainbat haur jaio diren kasuetan). Haurra behar baino lehenago jaio bada, edo beste arrazoi baten ondorioz ospitalean egon behar badu, haurrak ospitaleratuta egin adina egunez luzatuko dute baimena (beste hamahiru aste, gehienez ere).


Bestalde, seme-alaba hilez gero, baimenaren iraupena ez dute murriztuko, sei astez atseden hartu ondoren (nahitaez) amak lanean hasi nahi duela adierazten ez badu behintzat.


Haurrak adoptatu edo harreran hartu ondorengo ordaindutako baimenei dagokienez ere berritasunak sartuko dituzte erregelamenduan. Batetik, eskubide hori izateko ez da beharrezkoa izanen haurra sei urtetik beherakoa izatea. Gainera, baimena emanen dute gutxienez ere urtebeteko harrera bakunetan (orain arte adopzio aurreko harreran eta adopzio iraunkorretan ematen zuten baimena). Baimenak 17 hilabeteko iraupena izanen du, gehi beste bi aste adingabeak ezintasunen bat badu.


Foru Dekretuaren proiektuan aurrerapausoak egin dituzte, era berean, hamabi hilabetetik beherako seme-alabei bularra emateko ordaindutako baimenei dagokienez ere (gaur egungo muga bederatzi hilabetetan dago). Lanaldi erdian aritzen diren funtzionarioek egunean ordubete hartu ahal izanen dute seme-alabari bularra emateko, eta baita lanaldi osoan aritzen direnek ere. Gainera, orduak pilatu eta egun osoak hartu ahal izanen dituzte. Haurdunaldiko eta bularra emateko aldiko arriskutsuengatik ematen dituzten ordaindutako baimenei dagokienez, gainera, laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia aplikatuko dute.


Azkenik, emakumezko funtzionarioei genero indarkeriarengatik emandako baimenak ere aztertuko dituzte erregelamenduan (ordaindutako baimenak). Hartara, laneko hutsegiteak (lanaldi osoa edo zati bat) justifikatutzat joko dituzte, gizarte edo osasun zerbitzuek erabakitzen duten iraupen eta baldintzekin.


Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak erregelamenduko zenbait artikulu argitu ditu, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez. Horrela bada, oporrak abenduaren 31 baino lehen hartu beharko dira, baina urtarrilaren 15era arte luzatu ahal izanen dira, zerbitzua hobeto antolatzeko komenigarria denean. Dokumentuan baimen egunen nolakotasuna ere zehaztu dute (egutegiko egunak edo lanegunak ote diren), eta gainera, ezin saihestuzko betebehar publiko edo pertsonaletarako (erantzukizun zibila, zigor erantzukizuna edo administrazio erantzukizuna) ordaindutako baimena zer kasutan har daitekeen ere adierazi dute.

Dokumentazioa:
Prentsaurreko osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa