(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Baztanek 441.000 euro jasoko ditu Lekarozko presio handiko hornidura sistema ezartzeko ostirala, 2008.eko uztailak 4

Salanueva eta Sanzberro kontseilariek Arraiozko lanak inauguratu dituzte, gaur; lanek 1,2 milioi €-ko kostua izan dute


Amelia Salanueva kontseialriaren bisita.

Amelia Salanueva kontseilariaren bisita. ( irudia handitu )

Baztango Udalak Lekarozko presio handiko hornidura sistema ezartzeko lanak egin ahal izanen ditu. Garrantzizko eta beharrezko lanen kostua 639.321 eurokoa izanen da, eta Toki Administrazioko Departamentuak 440.911 euroko ekarpena eginen du. Horixe bera jakinarazi dute gaur, Baztanen, Amelia Salanueva Murguialday Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak eta Begoña Sanzberro Iturriría Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilariak. Kontseilariek, bestalde, Arraiozko lanak ere inauguratu dituzte gaur. Hain zuzen ere, sareak eta zoladura berritzeko eta Artixoko errekastoa eta Arraiozko zeharbidea hodiratzeko lanak egin dituzte. Horiek guztiek kalteak jasan zituzten 2007ko maiatzeko uholdeen ondorioz.


Lekarozko presio handiko hornidura sistema ezartzeko lanen kostua 639.000 eurotik gorakoa izanen da, eta Nafarroako Gobernuak berriki eman zuen baimena. Aurreikusitako lanen helburua gaur egun Lekarozen dituzten ur gabeziak asetzea da. Horretarako, ura Iruritatik ekarriko dute, eta besteak beste, 7.400 metro hodi jarriko dituzte. Lan horiek bateragarriak dira Presio Handiko Ur Horniduraren Plan Zuzentzailean inguruko herri batzuetarako aurreikusita dagoen irtenbidearekin. Hain zuzen ere, Irurita, Lekaroz (eta auzoak), Ziga, Zigaurre, Arraioz, eta Gartzain (eta auzoak) Iruritako ur baliabideekin eta hargune berri batzuekin hornitzea aurreikusten dute Plan Zuzentzailean.


Inbertsio horri Baztango Udalak 2005-2008ko Toki Azpiegituren Planaren bidez egin dituenak edo egitean ari denak eta 2007ko maiatzeko uholdeen ondorioz jasotako laguntzak gehituz gero, inbertsioaren guztizko zenbatekoa 5,3 milioi eurokoa da. Gainera, Toki Administrazioko Departamentuak 4,3 milioi euroko ekarpena eginen du.


Uholdeek eragindako kalteak konpontzeko inbertsioak


Aipaturiko 5,3 milioi euroetatik 2,5 milioi 2007ko maitatzeko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko dira (Baztango Udalarekin izenpetutako hitzarmenaren baitan). Zenbateko hori (2,5 milioi €) Toki Administrazioko Departamentuak eman beharrekoa da, hain justu, eta dagoeneko 1.776.166 euro ordaindu ditu. Lanen azken kitapena egitea falta da.


Esku-hartzerik garrantzizkoenak Arraiozko Arriba eta Mardea auzoetako sareak eta zoladura berritzeko lanak izan dira. Honako sare hauek berritu dituzte, hain justu: hornidura, euri ura, hondakin ura, elektrizitatea, telefonia, gasa eta argiteria. Bestalde, zabalgunea hobetu, Mardea auzoan betoia bota, eta Arriba auzoan aglomeratuzko zoladura egin dituzte. Arraiozko lanak egiteko honako inbertsio hauek egin behar izan dituzte: Mardea auzoan, 658.815 euro (Gobernuak 616.425 euroko ekarpena aurreikusten zuen), eta Arriba auzoan, 618.042 euro.


Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari dagokionez, 2007ko maiatzeko uholdeen ondoren, Baztango Udalak 1,6 milioi euroko kalteak jasan zituztela jakinarazi zion. Arraiozko kalteei 73.167 euro zegozkien. Departamentuak, berriz, 591.086 euroko kalteak onartu zituen.


Arraiozen kasuan, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilariak eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak bilera egin zuten Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoko ordezkariekin, eta honako hau jakinarazi zieten: Udalak bertako errekastoa hodiratzeko proiektua aurkeztu zuela baina herritarrak ez zeudela ados egiten ari ziren lanekin. Bileraren helburua proiektua aldatzea izan zen.


2007ko maiatzeko uholdeek, Arraiozen ez ezik, Irurita, Gartzain, Elizondo, Elbete, Amaiur, Arizkun, Azpilkueta eta Lekarozen ere eragin zituzten kalteak.


Jakina denez, 2007ko maiatzaren 4an euri asko egin zuen Baztanen, eta maiatzaren 16an, Parlamentuak Foru Lege bat onartu zuen, uholdeen kalteak jasan zituztenen aldeko neurriak ezartzeko. Foru Agindu baten bidez Baztango hainbat lekutan izandako kalteak konpontzeko partidak onartu zituzten, eta baita Arraiozko auzoetan egin beharreko hobekuntza lanak ere. Arraioz izan zen, hain zuzen, kalte handienak jasan zituen herria. 2007ko abuztuaren 3an, Toki Administrazioko Departamentuak eta Baztango Udalak hitzarmena izenpetu zuten, eta hartara, toki azpiegituretako kalteak konpontzeko laguntza ekonomikoak onartu zituzten. Konponketa lan horiexek finantzatu dituzte.


2007ko maiatzeko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko lanez gain (2,5 milioi euro), Baztango Udala beste lan batzuk ere egiten ari da, 2005-2008ko Toki Azpiegituren Planaren baitan (2,8 milioi euro). Lanak Aniz, Erratzu, Elbete, Elizondo, Oronoz, Arizkun eta Almandozen ari dira egiten, eta Nafarroako Gobernuak 1,8 milioi euroko ekarpena egin du. Hodi biltzaileak, ura banatzeko sareak, hodiak, arazketa eta hornidura sareak, eta zoladura berritzeko lanak dira, hain justu.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa