(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko zerbitzuak 2008ko Sanferminetako plan bereziaren baitan arituko dira ostirala, 2008.eko uztailak 4

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak jakinarazi duenez, bertako zerbitzu operatiboak (Foruzaingoa eta Nafarroako Larrialdietako Agentzia) 2008ko Sanferminetako plan bereziaren baitan arituko dira, aste honetan Iruñeko Udaleko Segurtasun Batzordeak hitzartu duen operatiboaren baitan.


Aurten ere, Nafarroako Gobernuaren helburua da jaietan normaltasuna, segurtasuna eta herritar guztien askatasuna bermatzea.


Foruzaingoaren plan berezia


Foruzaingoak plan berezia antolatu du Sanferminetarako, funtsezko lau helbururekin: bide segurtasuna bermatzea, Iruñeko sarbideak kontrolatuz eta zainduz Guardia Zibilaren eta Udaltzaingoaren laguntzarekin; herritarren segurtasuna bermatzea; delituak eta salaketak ikertu daitezen ahalbidetzea eta herritarren artapena bermatzea, gertutik eta modu eraginkorrean; eta zezenketetako polizia administratiboaren zereginak betetzea, zezen plazako berezko segurtasun lanez gain (barruan zein kanpoan), Erruki Etxeak xede horretarako ezarriko dituen zerbitzuekin elkarlanean.


Erabiliko dituzten bitartekoei dagokienez, berritasun nagusia honako hau izanen da: herritarren segurtasuna bermatzeko bitartekoak jardunen dira Iruñeko Udaltzaingoari eta Polizia Nazionalari laguntzen. Esku Hartzeko eta Herritarrak Babesteko Ataletako polizia patruilak eguneko 24 orduetan jardunen dira, oinez zein ibilgailuz, jaiaren erdigunean (Gaztelu Plaza, Sarasate pasealekua, Estafeta-Alde Zaharra, eta II. Zabalgunea). Hartara, prebentzio zaintza indartuko dute eta hala dagokionean, esku hartuko dute, herritarrek hala eskatu dutelako edo ofizioz (kaleko salmenta, Gizalegezko Jokabideei buruzko Udal Ordenantzaren urraketak, droga salmentaren aurkako borroka...). Beharrezkoa denean, Polizia Judizialaren Ataleko poliziek ere parte hartuko dute (ikerketa kriminala). 


Herritarren artapenarekin zerikusia duten bitartekoei dagokienez, Herritarrak Artatzeko Nafarroako Jauregiko Bulegoa ere azpimarratu dezakegu. Bulegoa Gaztelu Plazako aterpean egonen da, eta zerbitzua indartu eginen dute egunotan. Uztailaren 6tik (igandea) 15era (asteartea) eguneko 24 orduetan eskainiko dute zerbitzua, hain zuzen. Bertan, hutsegiteen edo delituen salaketak egin ahal izanen dira, eta gainera, Herritarrak Babesteko Arloarekin (Iruñeko Udala) elkarlanean jardunen dira, galdutako objektuak biltzen.


Zezenketei eta entzierroei dagokionez, foruzainek eta udaltzainek entzierroa zainduko dute, goizero, Tejería-Telefónica-zezen plaza tartean. Berritasun gisa, entzierroaren ibilbidea garbitzeko lanak normaltasunez egin ahal izateko laguntza eskainiko du Foruzaingoak, egunero.


Era berean, zezenketetan arazorik izan ez dadin zainduko du Foruzaingoak (Joko eta Ikuskizunen Atala), eta estratan, zezen plazan eta inguruetan ordena mantentzen ahaleginduko da. Sanferminetako Zezenaren Ferian Foruzaingoa Agintearen Ordezkari lanetan aritzen da, eta horretarako, aktak egiten ditu (abereak deskargatzea eta pisatzea, aztertzea –albaitariekin-, loteen zozketa, abereak banatzea, eztenak, zezen-ziriak eta bularrekoak aztertzea, presidenteari laguntzea zezenketan, estratan ordena mantentzea, banatutako garaikurren kontrola, eta Nafarroako Zezenketen Araudiaren urraketen salaketa).


Era berean, zezen plaza ingurua kontrolatuko dute, zezenketetako sarreren birsalmenta saihesteko, legez kanpoko jarduera baita. Halakorik gertatzen bada, sarrerak atzituko dituzte eta salaketa akta igorriko diote Iruñeko Udalari, espedientea hasteko.


Azkenik, Trafiko Ataleko berrogei patruilak Iruñeko sarbide nagusiak zainduko dituzte, eta prebentzio kontrolak eginen dituzte (alkohola, beste droga batzuk eta abiadura), egunero (uztailaren 5etik 15era, biak barne), eguneko 24 orduetan. Abiadura radarren bidez ere kontrolatuko dute (radar estatikoak eta dinamikoak -patruila ibilgailuak eta ibilgailu ezkutuak-). Gainerako kontrolak (garraioa eta bide segurtasuna) ohikoak izanen dira, baina Iruñea inguruan eta hiriaren eragin eremuan eginen dituzte batik bat.


Azkenik, Foruzaingoa Iruñeko Udaltzaingoarekin elkarlanean jardunen da Iruñean bertan alkoholemiako hogei kontrol egiteko.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Consejos de la Policía Foral

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa