(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun kontseilaria sendagile lanetan aritu da, gaur goizean, entzierroko osasun artapeneko postuetako batean osteguna, 2008.eko uztailak 10

Ondoren, San Martin Anbulatorioko zerbitzu berezia bisitatu du, eta adierazi duenez, "zerbitzua oso ongi ari da funtzionatzen"


Entzierroko osasun artapeneko pertsonala

Entzierroko osasun artapeneko pertsonala ( irudia handitu )

María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilaria sendagile lanetan aritu da, gaur goizean, entzierroko osasun artapeneko postuetako batean. Hain zuzen, Hemingwayren estatuaren ondoan dagoen postuan aritu da (Estrataren hasieran). Aldez aurretik, entzierroko osasun artapeneko zerbitzua ikuskatu du, eta bertan lan egiten ari direnen iritzi eta iradokizunen berri izan du.


Era berean, entzierroaren ondoren, kontseilaria San Martin Anbulatoriora joan da (lehengo Soltxaga Anbulatorioa), Sanferminetako larrialdiak artatzeko behe solairuan antolatu duten zerbitzu bereziaren funtzionamendua bertatik bertara egiaztatzera. María Kutzek adierazi duenez, "zerbitzua oso ongi ari da funtzionatzen" eta "jaietako osasun artapena eskaintzeaz gain, anbulatorioko ohiko jardunean ere ari dira, Iruñeko Eskualdeko ospitalez kanpoko larrialdietarako zerbitzu gisa".


Entzierroko osasun artapeneko zerbitzua


Entzierroko zaurituak artatzeko zerbitzu berezia, gaur goizean Kutz kontseilariak bisitatu duena, 16 gunek osatzen dute (10 finkoak, eta 6, berriz, mugikorrak). Postu guztiak hesien ondoan daude. Entzierroak 848,6 metroko ibilbidea du, eta artapena 112-SOS Nafarroa Gunetik (Nafarroako Larrialdietako Agentzia) koordinatzen dute.


Zaurituak artatzeko postu finkoen kokalekuak honako hauek dira: Santo Domingo aldaparen hasiera (Hezkuntza Departamentuaren egoitza), Merkatu kalea, San Saturninoko eskailerak, Udaletxea, Mercaderes-Estafeta, Xabierko jaitsiera, Espoz eta Mina zeharbidea, Tejería kalea, Labriteko jaitsiera eta Nafarroako Gorteen kalea.


Postu mugikorren kokalekuak, berriz, honako hauek dira: eskortak, kale Berria-Nagusia, Txapitela kalea, Xabierko jaitsiera, Duque de Ahumada kalea, Nafarroako Gorteen kalea, Amaia kalea, Hemingway pasealekua, eta zezen plaza.


Entzierroko zaurituak artatzeko zerbitzuan 16 sendagile, 16 erizain, anbulantzietako 22 laguntzaile teknikari eta sorosle boluntario ugari ari dira.


Ibilbideko artapena Gurutze Gorriaren, DYAren, Suhiltzaileen eta Osasunbidearen ibilgailu, osasun langile eta sostengurako langileek eskaintzen dute. Zaurituak lekuan bertan (kasuan kasuko sektorean) artatu eta ospitalera eramanen dituzte. Horretarako, 112-SOS Nafarroa Koordinazio Guneari artatu dituzten pertsonen zauri eta lesioei buruzko informazioa eskaintzen diote, Koordinazio Guneak zer ospitaletara eraman behar diren adierazteko eta dagokion ospitaleari bertara eramanen dituztenen zaurien berri emateko.


112-SOS Nafarroa Koordinazio Guneak osasun artapena antolatzen du eta zaurituak zer ospitaletara eraman behar diren erabakitzen du. Hiru helburu ditu: ospitaleetara iritsiko diren lehenak zauri larrienak dituztenak izatea; ospitale bakoitzaren ezaugarri teknikoak kontuan hartzea; eta zaurituen banaketa modu egokian egitea.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa