(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Enpresetan eta beste erakunde batzuetan aukera berdintasunerako planak diseinatzeko diru laguntzen deialdia egin du Gobernuak asteazkena, 2008.eko uztailak 16

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak diru laguntzen deialdia egin du, Nafarroan egoitza duten enpresa eta erakunde publiko zein pribatuetan emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatze aldera.


Aipaturiko enpresa eta erakundeetan aukera berdintasunerako planak egin eta garatzeko diru laguntzak dira (barne antolakuntzari zein eskaintzen dituzten zerbitzu edo produktuei dagokienez).


Nafarroan egoitza duten enpresa eta erakunde publiko zein pribatu guztiek eskatu ahal izanen dituzte diru laguntzak, araubide juridikoa gorabehera, baldin eta 10 langile edo gehiago badituzte.


Aukera Berdintasunerako Plana egiteko prozesuaren edo proiektuaren arduraduna izendatu beharko dute enpresek eta erakundeek. Aholkularitza teknikoa kontratatzea aurreikusten badute, genero eta aukera berdintasunean aditua den kanpo aholkularitza kontratatu beharko dute (bi urteko gutxieneko eskarmentua duena).


2008ko urtarrilaren 1etik abenduaren 19ra bitarte Aukera Berdintasunerako Planak egin eta garatzeko emanen dituzte diru laguntzak, hain justu.


Berdintasunerako Planaren baitan, honako hauek egin beharko dituzte enpresa eta erakundeek: hasteko, berdintasunari buruzko diagnostikoa, barne antolakuntzari zein eskainitako zerbitzu edo produktuei dagokienez; sentsibilizazio edo/eta trebakuntza ekintzak, lan munduko genero desberdintasunei buruz, eta horien isla diagnostikoaren emaitza nagusietan (sentsibilizazio edo/eta trebakuntza ekintzek 10 orduko gutxieneko iraupena izanen dute eta langileen lagin adierazgarri batek parte hartuko du); eta azkenik, Berdintasunerako Planaren diseinua.


Planaren garapenari dagokionez, berriz, honako hauek egin beharko dituzte: aukera berdintasunari buruzko azterlanak, barne antolakuntzari zein eskainitako zerbitzu edo produktuei dagokienez; sentsibilizazio edo/eta trebakuntza ekintzak; Berdintasunerako Planaren berri emateko neurriak; eta emakumeen eta gizonen lana, familia bizitza eta bizitza pertsonala bateratzeko eta laneko desberdintasunei eta sexu jazarpenari aurre egiteko neurriak.


Diru laguntzak aholkularitza kontratatzeko (aholkularitza teknikoa eta kudeaketakoa) eta Aukera Berdintasunerako Planeko ekintzekin lotutako gastuetarako (joan-etorriak, publizitatea, materialak, etab.) izanen dira.


Berdintasunerako Planak egiteko laguntzen gehienezko zenbatekoa 12.000 eurokoa izanen da, eta Planak garatzeko laguntzen gehienezko zenbatekoa, berriz, 6.000 eurokoa. Diru laguntzen eskaerak egiteko xede horretarako diseinatu duten eredua erabili beharko da. Eredua Nafarroako Berdintasunerako Institutuan edo www.cfnavarra.es webgunean eskuratu ahal izanen da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa