(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroak indartu egin ditu Ekuadorrekiko harremanak, eta baterako garapenaren aldeko apustua egin du ostirala, 2008.eko uztailak 18

Catalán kontseilariak eta Ekuadorrek Espainian duen enbaxadoreak bilera egin dute, gaur goizean, Nafarroako Jauregian


Catalán kontseilaria (ezkerra) Ekuadorrek Espainian duen enbaxadorearekin.

Catalán kontseilaria (ezkerra) Ekuadorrek Espainian duen enbaxadorearekin. ( irudia handitu )

Alberto Catalán Higueras Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilariak eta Nicolás Issa Obando Ekuadorrek Espainian duen enbaxadoreak lan bilera egin dute, gaur goizean, Nafarroako Jauregian. Besteak beste, honako bi gai hauei buruz mintzatu dira: Foru Komunitatean bizi diren ekuadortarren egoera eta Nafarroak Latinoamerikako herrialdeari ematen dizkion laguntzak (garapenerako eta lankidetzarako laguntzak).


Nafarroan bizi diren etorkinen artean ekuadortarrak dira ugarienak. 2008ko urtarrilaren 1eko datuen arabera, hain zuzen, Foru Komunitatean 11.262 ekuadortar bizi dira (etorkin guztien %17,46). Atzera begiratuz gero, 2001ean 4.552 ekuadortar bizi ziren Foru Komunitatean, eta 2005ean, 14.000 ingurura iritsi ziren. 2005etik gaur egunera arte jazotako beherakadaren arrazoiei dagokienez, bi aipatu ditzakegu: batetik, Ekuadorren jaiotako zenbait pertsonek Espainiako naziokotasuna eskuratu dutela; eta bestetik, ekuadortar batzuk jaioterrira itzuli direla.


Ekuadortar gehien dituzte Espainiako probintzien artean, Nafarroa seigarrena da, Madril, Bartzelona, Murtzia, Valentzia eta Alacanten atzetik.


Nafarroa eta Ekuador


Gaur goizeko bileran, Foru Komunitateak garapenerako lankidetzaren arloan Ekuadorren alde egiten duen ahaleginaren berri eman dio Alberto Catalán kontseilariak Ekuadorko enbaxadoreari. Kontseilariaz gain, Mª Jesús Vicente Etorkinak Artatzeko Bulegoko zuzendaria eta Andrés Carbonero Nazioarteko Garapenerako Lankidetzako Zerbitzuko zuzendaria ere bildu dira bilerara.


Garapenerako lankidetzaren arloko onuradun nagusietako bat Ekuador da (kuantitatiboki). Hain zuzen ere, 2000tik 2006ra bitarte 4,3 milioi euroko laguntzak eman dizkio Nafarroak Latinoamerikako herrialdeari (urte horietako bakoitzean Foru Komunitateak lankidetzarako eta garapenerako eman zituen laguntzen aurrekontuaren %4, gutxi gorabehera).


Nafarroako Lankidetzaren I. Plan Gidariaren (2007–2010) bidez, aurreikuspenen arabera, Ekuadorrek 4,5 milioi euroko laguntzak jasoko ditu (Garapenerako Laguntza Ofiziala). Hartara, azkeneko zazpi urteetan baino diru gehiago jasoko du. Nolanahi ere, 2007ko datuak eta aurtengoak (orain artekoak) kontuan hartuz gero, aurreikuspenak gainditzen ari direla ikus dezakegu. Hain zuzen, aurreikusitako guztizko zenbatekoaren %9,3tik gora inbertitu zuten 2007an, eta 2008ko lehenengo sei hilabeteetan, berriz, dagoeneko eman dituzte urte osorako aurreikusitako laguntzak.


Gainera, Catalán kontseilariak baterako garapenaren aldeko apustua egin du, Nafarroa eta bertan bizi diren ekuadortar etorkinak Ekuadorrekin elkarlanean jarduteko modu berri gisa. Hartara, nahi duten etorkinek jaioterrira itzultzeko aukera izanen lukete, eta Nafarroan eskuratutako ondareari eta negozio ideia bati esker, euren aberriaren garapen ekonomikoaren eragile izan litezke.


Baterako garapenaren alde egiteko, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak, Etorkinak Artatzeko Bulegoaren bidez, eta Nafarroako etorkinen elkarteekin elkarlanean, etorkinak trebatu eta ekintzailetza espiritua sustatzeko programa jarriko du abian, aurki, etorkinak euren borondatez jaioterrira itzuli eta euren herrialdea garatzen lagun dezaten bultzatzeko.


Catalán kontseilariak, azkenik, Etorkinak Artatzeko Bulegoa (Iruñeko San Juan auzoan dagoena) eskaini dio Nicolás Issa enbaxadoreari, kontsuletxe lanetarako. Hartara, Nafarroan bizi diren ekuadortarrei erraztasunak emanen dizkiete kontsuletxeekin harremanetan jartzeko, eta ez dute beste hiri batzuetara joan beharrik izanen (kasu honetan Bilbora), hainbat agiri eramatera.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa