(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak hitzarmena izenpetuko du Vianako Udalarekin, Las Cañas urtegiko segurtasuna hobetzeko

astelehena, 2008.eko uztailak 21

Nafarroako Gobernuak onartu duenez, Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilariak eta Gregorio Galilea Arazuri Vianako alkateak lankidetza hitzarmena izenpetuko dute, aurki, Las Cañas urtegiko dikeak indartu eta hobetzeko.


Hitzarmena beharrezkoa da Vianako Udalak (presaren titularra) lanak egiteko baimena emateko.


Lanak egiteko, Nafarroako Gobernuak 770.818,49 euroko gastua baimendu zuen joan den ekainaren 30ean (hainbat urtetan egiteko gastua). Gastua honela egitea aurreikusten dute: 160.000 euro, 2008ko aurrekontuen kontura (2008ko Aurrekontu Orokorretan aipaturiko lanetarako partida bat dago); 204.313,46 euro, 2009ko aurrekontuen kontura; 209.670,57 euro, 2010eko aurrekontuen kontura; eta 196.824,46 euro, 2011ko aurrekontuen kontura.


Las Cañas urtegiak 99,76 hektarea okupatzen ditu eta haren edukiera hektometro kubiko 1ekoa da. Txikia bada ere, A maila du balizko arriskuen sailkapenean. A kategoriako presak dira, hain zuzen, hautsi edo gaizki funtzionatuz gero, herriguneetan edo funtsezko zerbitzuetan kalte larriak eragin ditzaketenak edo gauzetan edo ingurumenean kalte larri-larriak eragin ditzaketenak. Kasu honetan, bi industrialde daude presan behera, bat Nafarroan eta bestea Errioxan.


Horregatik, Vianako Udalak Larrialdietarako Plana idatzi behar izan du, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren laguntza teknikoarekin eta finantzaketarekin, eta orain, presako dikeak indartu eta hobetzeko lanak eginen dituzte.


Las Cañas urtegiaren garrantzi ekologikoa


Las Cañas edo Salobre urtegia aintzira endorreiko zahar batean egin zuten. Bertan, bi dike eraiki zituzten, ureztatzaile elkarte batek bertako ura erabili ahal izateko. Landare eta animalia espezie ugari dituen eremua da, baina balio berezia du bertara hegazti espezie asko biltzen direlako.


Hezegunean abia egiten duten hegaztien artean, honako hauek azpimarratu ditzakegu: amiltxoria, koartzatxo txikia, koartza gorria, eta murgil handia. Gainera, badira negua bertan igarotzen duten hegazti espezieak ere. Honako hauek, adibidez: murgilari arrunta, hegabera, koartza hauskara, ahate mokozabala, ubarroia, basahatea eta kopetazuria. Gainera, Las Cañas urtegian anfibioak (igelak, zapoak eta uhandreak), narrastiak (sugeak eta apoarmatuak), eta ugaztun txikiak (uretako arratoiak, satitsuak eta saguak) aurkitu daitezke.


Las Cañas bioaniztasun handiko urtegia da, eta ondorioz, 1987an, Natur Erreserba izendatu zuten. Hiru urte geroago, berriz, Hegaztien Babesgune Berezi izendatu zuten. Gainera, Nafarroako Gobernuak Natura 2000 Sarearen baitan sartzeko proposatutako IKLetako bat da (Interes Komunitarioko Lekua), eta Nazioarteko Intereseko Hezeguneen sarean (RAMSAR) dago.


“Las Cañas” urtegian hegaztien behatoki bat dago, “El Bordón” izenekoa. Bertan, informazio ugari ematen dute: Nafarroako Naturgune Babestuen Sarea, uraren erabilerak, eta inguruko landaredia eta hegaztiak. Behatokian prismatikoak eta teleskopioak daude, eta Nafarroako ornitologia turismoaren sareko (Birding) lekurik azpimarragarrienetako bat da.




Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa