(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Hezkuntza Departamentuak bi milioi eurotik gora emanen ditu, zenbait ikastetxe publiko handitu eta berritzeko

asteartea, 2008.eko uztailak 29

Hobekuntza lanak honako ikastetxe hauetan eginen dituzte: Mutiloabeitiko Haur eta Lehen Hezkuntzako "San Pedro" Ikastetxe Publikoan, Zarrakazteluko Ikastetxe Publiko-Institutuan, Iruñeko "José Vila" Ikastetxe Publikoan, eta Garesko Eskualdeko Ikastetxe Publikoan



Nafarroako zenbait ikastetxe publiko handitu, birmoldatu eta egokitzeko kontratuak egiteko baimena eman du, berriki, Hezkuntza Departamentuak. Kontratuen guztizko zenbatekoa 2.148.228 eurokoa izanen da, eta onuradunak honako ikastetxe hauek izanen dira: Mutiloabeitiko Haur eta Lehen Hezkuntzako "San Pedro" Ikastetxe Publikoa, Zarrakazteluko Ikastetxe Publikoa - DBHI, Iruñeko "José Vila" Ikastetxe Publikoa, eta Garesko Eskualdeko Ikastetxe Publikoa.


Mutiloabeitiko Haur eta Lehen Hezkuntzako "San Pedro" Ikastetxe Publikoa


Proiektuari jarraiki, lanak bi fasetan egitea aurreikusten dute. Hartara, 2006an lehenengo fasea burutu zuten, eta erabilera anitzeko ikasgela bat eta beste gune batzuk (biltegiak eta irakasleentzako jangela, besteak beste) egin zituzten.


Lanen bigarren faseari dagokionez, proiektua indarrean dagoen araudiari egokitu eta aurrekontua eguneratzeko beharra hauteman dute; izan ere, bi urte igaro dira proiektua idatzi zutenetik. Hain zuzen ere, gaur egungo ataria itxiko dute, eta haur hezkuntzako lau ikasgela, psimomotrizitate gela bat eta banaketa gela bat eginen dituzte bertan. Gainera, bisita aretoa eta zuzendaritza bulegoa berrantolatuko dituzte, eta eskailera berri bat, bainugelak (behe solairuan eta lehenengo solairuan) eta atari berri bat eginen dituzte.


Lanen bigarren fasearen aurrekontua 700.313,43 eurokoa da.


Zarrakazteluko Ikastetxe Publikoa - DBHI






2002an, Zarrakazteluko Ikastetxe Publikoa – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutua handitzeko proiektua idatzi zuten. Orain, proiektuari berriro ekiteko, indarrean dagoen araudira eta gaur egungo beharretara egokitu eta aurrekontua eguneratu dute.


Proiektuari jarraiki, honako hauek egitea aurreikusten dute: behe solairuan, lantegi-ikasgela bat (biltegiarekin), hiru bulego, eta departamentu-mintegi bat; lehenengo solairuan, musika gela bat, pedagogia terapeutikoko bi gela, eta bainugelak; eta bigarren solairuan, plastika gela bat, laborategi bat, eta bulego bat. Gainera, lehenengo solairuan, ikasgelak berritzea eta liburutegia egokitzea ere aurreikusten dute.


Lanen guztizko aurrekontua 476.300 eurokoa da.


Iruñeko "José Vila" Ikastetxe Publikoa


Iruñeko Dantza Eskola García Galdeano Ikastetxe Publikoan dago, baina eskariari aurre egiteko lekua falta zaio. Gainera, Dantza Eskolak erabiltzen dituen guneak Ikastetxeak berak behar ditu, eta ondorioz, Dantza Eskola beste leku batera eramatea erabaki du Hezkuntza Departamentuak. Horretarako, Iruñeko "José Vila" Ikastetxe Publikoko bigarren solairua egokituko dute, Dantza Eskolaren beharrizanetara. Lanen aurrekontua 799.874,13 eurokoa da.


Lanek 2008-2009 ikasturtearen hasierarako amaituta egon behar dutela kontuan hartuta, presakotzat jo dituzte. Kontratuaren gehienezko zenbatekoa 799.874,13 eurokoa izanen da.





Garesko Ikastetxe Publikoan gune berri bat egokitzea


Garesko Ikastetxe Publikoak, 2008/2009 ikasturteko ikasleen eta taldeen aurreikuspenak kontuan hartuta, beharrezkotzat jotzen du gune berri bat egokitzea, erabilera anitzeko areto gisa erabiltzeko (informatika eta liburutegia). Horretarako, eraikin barruko patioa estaltzea aurreikusten dute.


Hartara, proiektuari jarraiki, eraikin barruko patioa estaltzeko metalezko egitura duen teilatua eginen dute, eta barrualdea egokitu eta informatikako hargunez eta beste zerbitzu batzuez hornituko dute. Lanen aurrekontua 171.741 eurokoa da.

Dokumentazioa:
Albiste osoa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa