(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Nafarroako Gobernuak Gizarte Zerbitzuen lehenengo Plan Estrategikoa aurkeztu du

osteguna, 2008.eko uztailak 31

Planaren helburuak honako hauek dira: pertsonek nahi duten artapen mota hautatu ahal izatea bermatuko duen artapen eredua sortzea eta erabil ditzaketen zerbitzuen berri izatea



Nafarroako Gobernuak, uztailaren 28an, Foru Komunitateko Gizarte Zerbitzuen lehenengo Plan Estrategikoa (2008-2012) onartu zuen, gizarte zerbitzuak kudeatzeko modu berri bat sortzeko lehenengo urrats gisa. Hartara, Gobernuak koherentzia eman nahi izan die gizarte zerbitzuen arloko politika publiko guztiei. Gaur, María Isabel García Malo Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak eta Marta Álvarez Alonso Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak Planaren edukiak azaldu dituzte, prentsaurrekoan.


Planaren funtsezko helburuak honako hauek dira: pertsonek nahi duten artapen mota hautatu ahal izatea bermatuko duen artapen eredua sortzea eta erabil ditzaketen zerbitzuen berri izatea.


Zehazki, gizarte zerbitzuen arloko jarraibideak ezarri ditu Planak, eta plangintza sektorialerako esparru gisa erabili ahal izanen dute. Gainera, koherentzia emanen die gizarte zerbitzuen arloko politika publiko guztiei. Hartara, aurrerantzean onartuko dituzten plan sektorial, programa eta esku-hartze guztiak elkarren artean koordinatuta egonen dira, helburu orokor berak izanen dituzte, eta esku-hartze eremu guztiak modu homogeneoan garatzea ahalbidetuko dute. Artapen arloak honako hauek dira: mendekotasun egoeran dauden pertsonak, adinekoak, ezintasunen bat duten pertsonak, adimenaren nahasteren bat duten pertsonak, gizarte bazterketa egoeran dauden edo egon daitezkeen pertsonak, babesik gabe edo gizarte gatazka egoeran dauden edo egon daitezkeen adingabeak, eta genero indarkeriaren biktimak.


Nafarroako Gobernuak funtsezko hiru tresna ditu pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko: Gizarte Zerbitzuen lehenengo Plan Estrategikoa, Gizarte Zerbitzuen Zorroa, eta Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legean (2006) ezarritako Kalitate Plana.


Plan Estrategikoak 862,2 milioi €-ko zuzkidura ekonomikoa izanen du (horietatik 825 milioi Gizarte Zerbitzuen Zorroari dagozkio).


Gogoan izanen duzuenez, Gizarte Zerbitzuen Zorroa onartzen duen Foru Dekretua uztailaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten, eta dagoeneko indarrean dago. Pertsonek eskubide subjektiboa dute euren bizi-kalitatea hobetzeko eta hala behar dutenean artapena jasotzeko beharrezkoak diren zerbitzuak baliatzeko, eta Gizarte Zerbitzuen Zorroa eskubide hori zehazten duen funtsezko tresna da. Zorroaren baitan 140 zerbitzu daude, eta horietako 90 bermatutakoak dira. Horretarako, Nafarroako Gobernuak 825 milioi euroko inbertsioa eginen du, lau urtetan, eta ondorioz, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak aipaturiko zerbitzuetarako izaten duen aurrekontua %62 baino gehiago handituko da. Bestalde, Kalitate Planari dagokionez, beharrezkoa da gizarte zerbitzuen kalitatearen hobekuntzan aurrera egin ahal izateko, eta 2008tik 2009ra bitarte eginen dute.

Dokumentazioa:
Albiste osoa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa