(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak ArcelorMittal taldeari jakinarazi dionez, Legasako lantegiko lursailak erosi nahi ditu ostirala, 2008.eko abuztuak 1

Roig kontseilariak jarduera ekonomikoen eremu bat sortu nahi du instalazioetan, Baztan-Bidasoarako


Nafarroako Gobernuak, azkeneko asteetan, ArcelorMittal multinazionaleko zuzendariei jakinarazi die Legasako lantegiko lursailak erosi nahi dituela. ArcelorMittal munduko altzairu ekoizle nagusia da, hain zuzen. Nafarroakoa Gobernuak jarduera ekonomikoen eremu bat (sustapen publikokoa) sortu nahi du Legasako instalazioetan.


José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak adierazi duenez, dagoeneko abiatu dituzte lehenengo harremanak, eta datozen hilabeteetan bi alderdiek akordioa erdietsi dezaketela uste du.


Legasa lantegiak 200.000 bat metro koadroko azalera du, eta gaur egun, altzairua margotu eta tratatzen dute bertan. Gaur egun ArcelorMittal taldeak Nafarroan dituen hiru lantegietako bat horixe bera da (gainerako biak Lesakan eta Berriobeitin daude).


Atzo (osteguna), ArcelorMittal multinazionalak Espainian dituen enpresa planak iragarri zituen, Madrilen, eta Nafarroari dagokionez, 2011ra arte 35 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten dute. Foru Komunitateko esku-hartze nagusia Bidasoan eginen dute, eta hain zuzen ere, Legasako eta Lesakako lantegietako ekoizpen jarduerak bateratuko dituzte. Horretarako, 30 milioi euroko inbertsioa eginen dute.


José María Roig kontseilariak oso balioespen positiboa egin du inbertsio horien gainean, eta adierazi duenez "pozik gaude hainbat arrazoirengatik, baina batik bat, inbertsioaren bolumenarengatik eta datozen hamarkadetan ere garrantzizko industria taldeak Nafarroan jarraituko duelako".


Gainera, kontseilariak adierazi duenez, ArcelorMittal taldeak Nafarroan eginen dituen inbertsioen ondorioz jarduera berriak sortuko dira Lesaka eta Berriobeitiko lantegietan, produktu lehiakorragoekin eta balio erantsi handiagoarekin.


Roigek gaineratu duenez, pozik dago Lesaka eta Legasako lantegiak bateratzeko prozesua lan harreman normalizatuen esparruan jazo delako, eta enpresak eta langileek erdietsi duten akordioa nabarmendu du (erretiro partzialak eta aurre-erretiroak hitzartzeko akordioa).


Industria eremua


Nafarroako Gobernuak, ArcelorMittal taldeak Nafarroarako dituen planen berri eman zionean, Legasako lantegian industria eremu berri bat egiteko beharra balioztatu zuen.


Zentzu horretan, Roig kontseilariak ArcelorMittal multinazionaleko zuzendariei jakinarazi die Legasako lantegiko lursailak erosi nahi dituela. Nafarroako Gobernuaren helburua da orube horretan jarduera ekonomikoen eremu handi bat sortzea, Baztan-Bidasoarako.


Nafarroako Gobernuak azkeneko hilabeteetan adierazi duenez, eskualde horretan industria eremu berriak sortzea komeni da, enpresa jarduera eta enplegua sustatze aldera.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa