(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Corpas kontseilaria Sorogain, Orreaga eta Luzaidera joan da, zenbait azpiegitura ikustera

asteazkena, 2008.eko abuztuak 27

Juan Ramón Corpas Mauleón Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria Sorogain, Orreaga eta Luzaidera joan da, gaur goizean, Pedro Luis Lozano Kulturaren zuzendari nagusiarekin eta Carlos Erce Turismoaren zuzendari nagusiarekin batera. Sorogainen aterpetxe turistikoa bisitatu du, eta Orreagan, erromesen aterpetxea, Onuradunen Etxearen ondoan dagoen hotela. Luzaiden, berriz, aterpetxea inauguratu du.



Sorogaingo (Erroibar) aterpetxeko instalazioetan hobekuntzak egiteko proiektuak 50.000 euroko aurrekontua du, eta Udalak laguntza eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Gaur egun, laguntzen deialdiaren gaineko ebazpenaren zain dago Udala. Bertan egin nahi dituzten lanak honako hauek dira, hain zuzen: elektrizitate linea aterpetxeraino eraman, plaza kopurua handitu, teilatuan hobekuntzak egin eta berokuntza sistema ezarri.


Erroibarko Udalak, bestalde, turismoa garatzeko esku-hartze osagarrien proiektua aurkeztu dio Nafarroako Gobernuari. Proiektuak idazteko aurrekontua 17.400 eurokoa da (aterpetxe inguruaren egokitzapena, ibilbideak, harrera etxea, seinaleztapenaren hobekuntza, informazio gehiago eskaintzea, begiratokien zirkuitua, edo liburuxken prestaketa).


Ondoren, Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria Orreagara joan da, Erromesen Aterpetxe Nagusia eraikitzeko lanak egiten hasi diren lekura. Aterpetxea Nafarroa 2012 Planaren esparruan eraikiko dute, duela zenbait aste arte gazteentzako aterpetxe izan denaren lekuan. Aterpetxe berriak 190 bat erromesentzako lekua izanen du, eta Nafarroako Gobernuak 5.495.000 euroko aurrekontua du hura eraikitzeko. Hain zuzen ere, instalazioak modernizatu eta erreferentziazko ekipamendua sortuko dute, Donejakue Bidea Foru Komunitatera sartzen den lekuan. Dagoeneko hasi dira eraikinaren barrualdea botatzen, eta barruko egituren gaineko bigarren proiektua idazten ari dira. Lanak egiteko epea lau hilabetekoa da, ekainaren 23tik aurrera (egun horretan esleipena egin eta kontratua zehaztu zuten). Eraikina Orreagako Kolegio-Elizako multzo arkitektonikoaren parte da, eta ospitale gisa eraiki zuten. Orain arte gazteentzako aterpetxe gisa erabili dute, Nafarroako Gobernuko Gazteentzako Aterpetxeen Sarearen baitan.


Segidan, Orreagako hotel berria ikustera joan da kontseilaria. Hotela Kolegio-Elizako Kontulariaren Etxean dago; hots, XVIII. mendearen hasieran Onuradunen Etxearen ondoan eraiki zuten etxean. Hiru izarreko hotela da, eta 16 logela bikoitz ditu, horietako 2 duplexak. Logela batzuek bainugela dute. Gainera, bi jangela eta egongelak ditu, eta behe solairuan, komunak eta sukaldea daude.


Azkenik, Luzaiden, Donejakue Bideko aterpetxe turistikoa inauguratu du kontseilariak. Bigarren mailako aterpetxea da, eta 24 plaza ditu. Nafarroako Mendialdea Dinamizatzeko I. Planaren eta Leader + Programaren esparruan eraiki dute, hain justu. Zentzu horretan, esan behar dugu Nafarroako Mendialdea Dinamizatzeko I. Plana Cederna-Garalur erakundearekin elkarlanean garatu dutela, eta gainera, erakunde horrek Leader + Programa kudeatzen duela. Aterpetxea eskola eraikineko behe solairuan dago, herrigunean, eta honako hauek ditu: bi sarrera, jangela-egongela, sukaldea (harrera gunearekin), higienerako zerbitzuak dituzten bi logela eta gelarte bat.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa