(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Sarrigurengo Ekohiriak Europako Hirigintza Saria irabazi du osteguna, 2008.eko irailak 25

Hiri ingurunean ingurumen balioak integratzen dituelako eman diote saria


Europako Hirigileen Kontseiluak 2008ko Europako Hirigintza Saria eman dio Sarrigurengo Ekohiriari, Ingurumenaren eta Iraunkortasunaren kategorian. Arlo horretako sari ofizial nagusia da, eta bi urtean behin ematen dute, Europar Batasuneko 27 herrialdeetako jardunbide onenak saritzeko.


Gaur, Carlos Esparza Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko Departamentuko kontseilariak sariketaren berri eman du, prentsaurrekoan, eta Josetxo Andía Eguesibarko alkateak eta Alfonso Vegara Sarrigurengo Ekohiriko arkitekto eta diseinatzailea ere bildu dira ekitaldira.


Esparzak azpimarratu duenez, "saria jasotzeak bi bider pozten du Nafarroako Gobernua, Sarrigurengo Ekohiriko etxebizitza guztiak babestuak direlako, eta gainera, etxebizitza publikoen sustapenetan energiaren aurrezpena, diseinu ekologikoa, irisgarritasuna eta ingurumena integratzeko politikaren isla argia delako".


Carlos Esparzak gogora ekarri du, orobat, Sarrigurengo proiektua Nafarroako Gobernuaren ekimenez gauzatu zutela, eta 5.000 etxebizitzatik gora dituela. Zehazki, eraikita dauden edo eraikitzen ari diren etxebizitzen %53 babes ofizialekoak dira, eta %46, berriz, prezio tasatukoak. "Beraz, hirigintza eta ingurumen kalitatearengatik saritu duten Ekohiriko etxebizitzen %100 babestuta daude", azpimarratu du kontseilariak.


Esan dugun moduan, Europako Hirigintza Saria Europako Hirigileen Kontseiluak ematen du, bi urtean behin. Europako Hirigileen Kontseilua, hain zuzen, Europako hirigileak biltzen dituen elkarte profesionala da, eta 24 herrialdetako beste hainbeste elkartek osatzen dute (Espainia, Belgika, Txekia, Danimarka, Alemania, Grezia, Frantzia, Estonia, Irlanda, Italia, Zipre, Malta, Hungaria, Herbehereak, Norvegia, Polonia, Portugal, Errumania, Eslovenia, Erresuma Batua, Serbia, Islandia, Suitza eta Turkiako 24 elkartek). Kontseiluak lobby profesional moduan egiten du lan, Europan bertan, arkitekturako eta hirigintzako profesionalak kohesioarekin eta garapen iraunkorrarekin zerikusia duten gaietan trebatzeko, eta hala, antolamendu eta plangintza estrategia bateratua definitzeko Europarako.


Epaimahaiaren erabakiari dagokionez, Sarrigurengo Ekohiriaren diseinua eta filosofia biak azpimarratu dituzte, eta hiri ingurunean ingurumen balioak integratzeko moduaren adibide dela adierazi dute. Zehazki, epaimahaiak honako hau adierazi du: "Sarriguren eredutzat hartu behar da, ingurune jakin batean garapen iraunkorra bultzatzen duten filosofia eta teknologiak kontuan hartzen dituelako. Harrigarria da, bereziki, energia berriztagarriak eta teknologiarik ekologikoenak Ekohiriko bazter guztietan daudela, eta hori esperientziaren arrakastaren adierazle da".


Sarrigurengo Ekohiriari Europako Hirigintza Saria emateko ekitaldia urriaren 23an eginen dute, Dublinen, eta John Gormley Irlandako Ingurumen ministroa izanen da ekitaldiko buru. Ekitaldian, gainera, aurten zenbat hautagai izan dituzten jakinaraziko dute eta kategoria bakoitzean saritu dituzten proiektuen berri emanen dute.


Gogoan izan behar dugu, bestalde, Sarrigurengo Ekohiria garapen iraunkorreko jardunbide egokien eredutzat hartu zutela, XXI. mendearen hasieran, Dubai emirerrian NBEren babespean egin zuten Nazioarteko Jardunbide Egokien III. Lehiaketan. Gainera, 2006an, Sarrigurengo eraikin batek Etxebizitza Babestuen Eraikuntzaren Saria jaso zuen; zehazki, Errege Bardea kaleko 22. zenbakian 116 etxebizitza sozial eraikitzeko proiektuak irabazi zuen saria. Eraikina ACR enpresak eraiki zuen, eta energia aurrezteko irtenbide "pasiboei" esker etxe bakoitzeko energia kontsumoa %30etik gora murriztea ahalbidetzen du.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Vídeo de esta rueda de prensa
Audio de esta rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa