(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak Nafarroako Lurralde Estrategiaren 2005-2006 txostena onartu du, aurreikusitako politika publikoen %95,6ko ezarpenarekin

astelehena, 2008.eko irailak 29

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Lurralde Estrategiaren 2005-2006 txostena onartu du gaurko bilkuran. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeari jarraiki bi urtean behin eginen duten txostena da, hain zuzen, eta lehenengoaren arabera, Nafarroako Lurralde Estrategian aurreikusitako politika publikoen %95,6 ezarri dituzte.


Nafarroako Lurralde Estrategia Foru Komunitatearen plangintza estrategikoa egiteko tresna nagusia da, eta 2005ean jarri zuten abian, 25 urterako. Orain, txostena Nafarroako Parlamentuari igorriko diote, haren gainean eztabaidatzeko.


Nafarroako Lurralde Estrategiak hiru helburu nagusi ditu datozen 25 urteetarako: Nafarroa lurralde lehiakorra eta batua izatea; irispide eta konexio onak dituen lurraldea izatea; eta kultura eta kalitate maila handiko lurraldea izatea.


Helburu horiek erdiesteko esku-hartzeak bederatzi ildotan (politika publikoak) banatuta daude: lurraldearen antolamendua; azpiegiturak eta garraioa; nekazaritza eta landa garapena; turismoa; ekonomia; industria eta teknologia; hezkuntza eta kultura; lana eta gizarte gaiak; eta herri administrazioak eta ingurumena. Gaur onartu duten txostenaren arabera, aurreikusitako politika publikoen %95,6 jarri zituzten abian Nafarroako Lurralde Estrategiaren lehenengo bi urteetan, eta hori “oso ehuneko handia da”.


Era berean, Europako Lurralde Estrategian aurreikusitako zazpi adierazle neurtu dituzte, 2007an, estreinakoz. Lurralde garapenaren jarraipena egiteko adierazleak dira, eta 2000-2005 aldiari begira neurtu dituzte (Nafarroako Lurralde Estrategia indarrean sartu aurretiko aldia). Honako adierazle hauek dira, hain justu: lehiakortasuna (output eta input), kohesio soziala, iraunkortasuna, polizentrismoa, azpiegituren eta ezagueren eskuragarritasuna, eta ondare naturalaren eta kulturalaren kudeaketa.


Nafarroako balioak Estatuko batez bestekoaren gainetik daude, eta gainera, adierazleetarako zehaztutako helburuei begira, Foru Komunitateak nabarmen egin du hobera. Hala, 2000. urtean, Nafarroa helburuetatik %66,9ra zegoen, eta 2005ean, berriz, %40ra.


Nafarron ustez, politikarik aurreratuenak ondare naturalaren eta kulturalaren kudeaketakoak eta kohesio sozialekoak dira, eta helburuetatik %20ra daude gehienez ere. Bestalde, lehiakortasunaren edo polizentrismoaren arloetan egindako ahalegina handia izan dela uste dugu, oraindik egiteko asko badago ere. Hala, helburuekiko aldea %40tik gora murriztu da bost urtean.


Mugape bakoitzeko lurralde garapenerako ereduen balioespena


Nafarroako Lurralde Estrategiaren baitan, bestalde, Foru Komunitateko lau mugape nagusietako lurralde garapenerako ereduak egin dituzte (Erdialdea, Ebro, Pirinioak eta Nafarroa Atlantikoa).


Hala, adituen talde bat bildu dute (unibertsitateak, sindikatuak, enpresak, arkitektoak, toki agintariak...) lurralde garapenerako ereduetako hiru alderdi balioesteko: proposatutako agirien egokitasuna; ezarpen maila lehenengo bi urteetan; eta erakundeen arteko lankidetza maila ezarpenerako.


Batez beste 5,2 puntu eman dituzte (10etik), eta ondorioz, lau mugapeetako agiriak, ezarpen maila, eta erakundeen parte-hartzea gainditutzat eman dituzte. Hala ere, alderdi bakoitzeko balioespenak honako hauek dira: proposatutako agiriak, “oso ongi” (6,9 puntu); ezarpen maila, “gutxiegi” (4,9 puntu); eta entitateen arteko lankidetza, “gutxiegi” (4,1 puntu).


Mugapeen arabera, proposatutako lurralde eredu guztiak positiboki balioetsi dituzte: Ebroko eskualdea, 7,5 puntu; Pirinioak, 7 puntu; Erdialdea, 6 puntu; eta Nafarroa Atlantikoa, 5,8 puntu. Ereduetako alderdiei dagokienez, berriz, ezarpenak (6,7 puntu) eta erakundeen arteko koordinazioak (5,3 puntu) bakarrik lortu dute balioespen positiboa, Ebroko mugapean. Gainerako mugapeetan, berriz, proposatutako ereduetako aurreikuspenak mamitzeko hobekuntza handiak egin beharko dira.


Hiru hobekuntza arlo, 2005-2006 txostenaren arabera


Azkenik, lehenengo bi urteetako datuak kontuan hartuta, Nafarroako Lurralde Estrategia hobeto ezartzeko hobetu beharko diren hiru alderdi proposatu dituzte biurteko txostenean. Honako alderdi hauek dira, hain zuzen: Nafarroako Lurralde Estrategiaren edukiei buruzko informazio gehiago helaraztea; erakundeen arteko koordinazioan sakontzea, plangintza egiteko eta esku hartzeko estrategia bateratuak definitzeko; eta Nafarroako Lurralde Estrategian proposatutako lurralde garapenerako ereduaren definizioan eta ezarpenean aurrera egitea.


Dokumentazioa:
Resumen de la ejecución bienal de la ETN 2006-2007

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa