(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Euskarabideak haren webgunea aurkeztu du

osteguna, 2008.eko urriak 2

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak haren webgunea (www.euskarabidea.es) aurkeztu du gaur goizean, Xabier Azanza zuzendari kudeatzailearen eta Rubén Fuertes Euskararen gaineko Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendariaren eskutik.


Euskarabidea Institutuko zuzendari Kudeatzailea, Xabier Azanza (ezk.), eta  Euskararen gaineko Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria, Ruben Fuertes.

Euskarabidea Institutuko zuzendari kudeatzailea, Xabier Azanza (ezk.), eta Euskararen gaineko Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria, Ruben Fuertes. ( irudia handitu )

Aipatu tresna lagungarria gertatuko zaio institutuari bere helburu propioak garatzeko, hau da, euskararen sustapena, ikerketa linguistiko eta soziolinguistikoa, prestakuntza eta aholkularitza egiteko.


Horretaz gainera, www.euskarabidea.es webguneak Nafarroako euskararen inguruko erreferente bilakatu nahi du, Nafarroako euskarazko jarduera akademiko eta kulturalari buruzko informazioa bilduz, hau da, Nafarroako euskarari soilik dagozkion azterlanak, ikerketak, aholkularitza, laguntzak, kultura programak, komunikabideak, hizkuntza baliabideak, etabar. Webguneko edukiak euskaraz zein gaztelaniaz aurkituko dituzte erabiltzaileek.


Iametza Interaktiboa S.L. enpresak diseinatu du eta atariko edukiak bertan sartu. Webgune hau egiterakoan bi irizpide hauek hartu dira kontuan: herritarrei zerbitzua ematea eta irisgarritasuna. Hala, hasierako pantailan webak eskaintzen dituen aukera guztien ikuspegi osoa dugu. Webguneak A mailako irisgarritasun-ildoak betetzen ditu, WAI ekimenak ezarritakoari jarraikiz; ezgaitasunak dituzten pertsonek ere erabiltzeko modukoa da.


Edukia


Web berriaren atalen artean, Euskarabideko arduradunek azpimarratu dituzte albiste buletina, euskararen agenda eta Nafarroako euskalkien gaineko informazioa.


Hain zuzen ere, gaurkotasuna azpimarratu nahi da orrialde nagusian, hartan paratuko baitira jendaurrean Euskarabideari dagozkion berri guztiak. Albiste buletina erabiliko da horretarako eta hala nahi duen orok ematen ahalko du izena hartan.


Bestalde, euskararen agendan bilduko dira Euskarabideak berak edo bestelako entitateek euskararen inguruan egindako jarduera guztiak, hala nola, hitzaldiak, deialdiak, ikastaroak, ikuskizunak, erakusketak, etabar.


Orrialde nagusian daude funtsezko ataletan sartzeko loturak. Menuen bidez bi informazio mota eskuratzen ahalko dugu: bata, erakundeei dagokiena (aurkezpena, eginkizunak, parte-hartze eta gobernu organoak) eta bestea, Euskarabideak berak bere lanaren bidez sortzen duena (araudia, aurrekontuak, hitzarmenak eta diru-laguntzak, etab.).


Gainera, erabiltzaileak beste eduki interesgarri batzuk ere aurki ditzake, besteak beste baliabide hauek: zuzentzeko eta itzultzeko tresnak, euskalkiak, hiztegiak eta hizkuntza-zalantzak, agiri-ereduak, izendegiak, euskarazko produktuak, euskarazko softwarea eta ahozko tradizioa.


Halaber, Euskarabidearekin harremanetan jartzeko aukera ere bada, modu zuzen eta errazean gainera. Aski da euskarabidea@euskarabidea.es helbidera idaztea.


Azkenik, webgunea prest dago noizbait beste zerbitzu eta atal batzuk sartzeko. Hartara, weba garatzen eta eguneratzen joanen da sortzen ahal diren beharrei erantzun ahal izateko.

Dokumentazioa:
Albiste osoa
Prentsaurrearen bideoa
Prentsaurrearen audioa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa