(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Irail amaieran 527 langabe gehiago daude Nafarroan osteguna, 2008.eko urriak 2

Langabeziak %2,15 egin du gora, eta hala, irail amaieran 24.985 langabe daude Nafarroan; Estatuan, berriz, langabeziak %3,7 egin du gora


2008ko irail amaieran abuztuan baino 527 langabe gehiago daude izena emanda Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Hala, langabeziak %2,15 egin du gora, eta irail amaieran 24.985 langabe daude Nafarroan. Estatuan, berriz, langabeziak %3,7 egin du gora (95.367 pertsona gehiago). Langabeen kopuruak erkidego guztietan egin du gora, eta zehazki, gorakadarik txikiena Errioxakoa izan da, %0,23koa, eta handiena, berriz, Aragoikoa, %10ekoa.


Imelda Lorea Arriskuen Prebentzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren arabera, gaur ezagutzera eman duten datua "txarra da, eta lan merkatuak mundu osoko krisialdi ekonomikoaren testuinguruan duen bilakaera islatzen du". Nolanahi ere, Estatuan langabeziaren gorakadarik txikiena izan duten lau erkidegoetako bat Nafarroa dela azpimarratu du (Errioxa, Gaztela-Mantxa eta EAErekin batera). Gaineratu duenez, langabeziaren gorakadak batik bat prestakuntza txikiko langileengan izan du eragina, eta langabeziak behera egin du, aldiz, prestakuntza handiko langileengan. Horregatik, "garrantzi handia du langile guztiak ongi trebatzeak", esan du Imelda Loreak.


Enplegu agentzien arabera, langabeziak gora egin du Agoitzen (%8,25), Tuteran (%3,07), Iruñean (%2,77) eta Tafallan (%0,56), eta behera, berriz, Lodosan (%6,19), Altsasun (%1,00) eta Donezteben (%0,67). Lizarran, langabeen kopurua berdin mantendu da.


Ekonomia jardueren azpisektoreei begiratuta, langabeziak gora egin du honako hauetan: beste enpresa jarduera batzuetan (ABLEak barne), osasun jardueretan, makinak egiteko industrian, metalurgian, ostalaritzan, eta lehendik lanik ez zutenen artean. Behera egin du, berriz, hezkuntzan, elikagaien industrian, eta nekazaritzan.


Datuak sexuka bereizita, irail amaieran 14.071 emakume langabe (abuztuan baino %0,39 gehiago) eta 10.914 gizon langabe (abuztuan baino %4,52 gehiago) daude Nafarroan.


Adin taldeei dagokienez, 25 urtetik beherako langabeak 2.854 dira (abuztuan baino %10,11 gehiago), eta 25 urtetik gorako langabeak, berriz, 22.131 (abuztuan baino %1,21 gehiago).


Datuak 2007ko irailekoekin alderatuz gero, aurten 4.974 langabe gehiago daude (%24,86 gehiago).


Nafarroa da langabeek okupagarritasun (lana aurkitzeko aukera) handiena duten erkidegoa. Hain zuzen ere, Foru Komunitateko langabeen %36k aukera handia dute lana aurkitzeko, eta Estatuan, berriz, %19k.


Gizarte Segurantzako datuen bilakaerari dagokionez, irailean 283.448 langile egon dira bertan izena emanda (batez beste). Azkeneko urtean, Gizarte Segurantzan izena emanda dauden 1.060 pertsona gehiago daude Nafarroan, eta 270.626 pertsona gutxiago, berriz, Estatuan.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa