(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak 22.000 euroko diru laguntza onartu du, gaur arratsaldean hasiko den Nafarroako Eskualde Etxeetako XX. Kultur Asterako

astelehena, 2008.eko urriak 6

Gaur, festetako pregoia irakurriko dute Iruñeko Ziudadelan (20:00etan); eta asteburuan, herritar gehien erakartzen dituzten ekitaldiak eginen dituzte.


Nafarroako Gobernuak baimena eman du, gaur, Nafarroako Eskualde Etxeen Federazioari XX. Kultur Astea antolatzeko gastuei aurre egiteko 22.000 euroko zuzeneko diru laguntza emateko. Hain zuzen ere, Kultur Astea gaur arratsaldean hasiko da, 20:00etan, Iruñeko Ziudadelan, eta asteburuan (urriaren 11n eta 12an) herritar gehien erakartzen dituzten ekitaldiak eginen dituzte.


Nafarroako Eskualde Etxeetako Kultur Astea 1988an egin zuten estreinakoz, eta aurten, 37.126,80 euroko aurrekontua du. Horietatik 22.000 euro Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak finantzatuko ditu, hain zuzen. Kultur Astean Kantabria (gonbidatzailea), Andaluzia, Asturias, Gaztela eta Leon, Galizia, Extremadura eta Valentziako Etxeek parte hartuko dute.


Aste honetako programa


2008ko Kultur Asteko kultur eta jai ekitaldiak gaur arratsaldean hasiko dira, 20:00etan, Ziudadelako Armen Aretoan. Bertan, José Sierra Tabuenca Lurreko Armadako jeneral eta Nafarroako komandante militar ohiak pregoia irakurriko du. Ekitaldira Alberto Catalán Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilaria bilduko da.


Ekitaldia Loretxo Iñarrea iruindar kazetariak aurkeztuko du, eta haren baitan, Nafarroako ikurrinak emanen dizkiete Nafarroako Eskualde Etxeen Federazioko Etxeei. Gainera, desfilea eginen dute eta erkidegoetako ereserkiak joko dituzte.


Urriaren 7an (bihar, asteartea), eguerdian (12:00etan), Iruñeko Udalak harrera eginen die Federazioari eta Eskualde Etxeetako presidenteei, eta arratsaldean (18:00etan), joko sozialak eginen dituzte Kantabriako Etxean.


Urriaren 8an (etzi, asteazkena), 20:00etan, eskualdeetako jaki tipikoen dasta eginen dute Iruñeko Salestarren patioan. Urriaren 9a (osteguna), berriz, Valentziako eguna izanen da, eta urriaren 10a (ostirala), Eskualde Etxeetako adinekoan eguna. Ostiralean, hain zuzen, luncha, dantzaldia eta opari banaketa eginen dituzte Iruñean dagoen Galiziako Etxean (20:00etan).


Urriaren 11n, larunbatean, jaia kalera aterako da, eta 10:00etatik aurrera, Iruñeko Alde Zaharrean, Asturiasko “Carmín del Fierro” gaita taldea eta Foru Komunitateko Eskualde Etxeetako talde folklorikoak arituko dira. Ondoren, 11:00etan, katedralean, meza emanen dute, eta 11:45ean, Alberto Catalán Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilariak harrera ofiziala eginen die parte-hartzaile guztiei, Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan. Ekitaldira Vicente Mediavilla Kantabriako Lehendakaritza eta Justizia Departamentuko kontseilaria ere bilduko da. Ekitaldiaren ondoren, talde artistiko guztiak kalera itzuliko dira, eta Iruñea erdian dagoen hotel batean bazkalduko dute. Arratsaldean, 18:00etan, jaiak gailurra joko du, Iruñeko Baluarten eginen duten folklore jaialdiarekin. Sarrera doakoa izanen da, eta besteak beste Alcasser-eko (Valentzia) “El Raval” fallak eta Kantabriako “Tanea” taldeak parte hartuko dute.


Kultur Astea urriaren 12an amaituko da, igandean, Pilarika Egunean. Goizean, 11:00etan, jokoak, puzgarriak eta haurrentzako txokolatea eskainiko dituzte Félix Huarte enparantzan, Kantabriako Etxearen aurrean, eta arratsaldean, 18:00etan, Iruñeko Baluarten, Nafarroako Etxeetako talde artistiko nagusiek folklore emankizuna eskainiko dute. Honako hauek izanen dira parte-hartzaileak, hain zuzen: Extremadurako Etxeko “Raíces y Brotes”; Gaztela eta Leongo “Añoranzas”; Galiziako Etxeko “Os fillos de Breogán” eta “Lusquefusque” pandero-jotzaileak; eta Andaluziako Etxeko “Herencia del Sur” eta “Sortilegio Andaluz” taldeak.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa