(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Ilundaingo Adingabeen Zentroko lehenengo harria jarri dute asteazkena, 2008.eko urriak 15

María Isabel García Malo Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilaria Ilundaingo (Aranguren Ibarra) Adingabeen Zentroko lehenengo harria jartzeko ekitaldiko buru izan da, gaur goizean. Manuel Fernández Martínez Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Manuel Romero Aranguren Ibarreko alkateak ere parte hartu dute ekitaldian.


Agintariek ekitaldiko akta izenpetu dute, eta berau lehenengo harriko kutxetan sartu dute, beste objektu batzuekin batera (Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarietako gaurko aleak, Nafarroako Aldizkari Ofiziala -euskaraz eta gaztelaniaz-, txanpon batzuk, eta haurrak eta nerabeak sustatu, artatu eta babesteko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen ale bat).


Ekitaldian, García Malo kontseilariak honako hau adierazi du: "adingabeen erantzukizun penala helduenarekin alderatuz gero, hezkuntzaren arloan esku hartzea funtsezkoa da, erregulazio juridikoaren alderdi guztiei begira. Horregatik, zentro hau gizartearen eta hezkuntzaren arloan esku hartzeko proiektu bat da funtsean, eta gazteekin lan egitea, 18 urtetik beherako gazteei profesionalen laguntza emateko gune bat sortzea, gazteak bizikidetzarako estrategiez eta balioez hornitzea, eta euren jokabidea zuzendu eta berriro gizarteratzeko aukera ematea ditu xede".


Zentroa Nafarroa 2012 Planaren baitan dago, eta 14-18 urteko adingabeek neurri judizialak betetzeko bitartekoa izanen da. Zentroak 20 plaza izanen ditu, 2010. urtearen amaierarako bukatuko dute, eta 5.000 m2ko azalera hartuko du, Ilundaingo 9. poligonoko 16 A landa lursailean. Proiektua "ASOARQ, Arquitectos Asociados" enpresak idatzi zuen, eta eraikuntza lanak, berriz, OBENASA (Obras Especiales de Navarra, SA) enpresak eginen ditu. Lanen aurrekontua 4.820.145 €-koa da.


Adingabeen arloko legediaren arabera, gazteen aurka eman daitezkeen epai judizialak 14 dira, eta lau taldetan sailkatu daitezke: zentro batean sartzea erregimen itxian, erregimen erdi irekian (adingabeek hezkuntza, lan edo aisialdi jarduerak egin ditzakete zentrotik kanpo), erregimen irekian (zentroa bizilekua baino ez da, eta adingabeek lan edo hezkuntza jarduerak normaltasunez egin ditzakete), eta asteburuko neurriak.


Neurri judizialen aniztasuna eta urtero gisa horretako zenbat zigor ezartzen dituzten kontuan hartuta (zentroetan sartzeko 28 zigor ezarri zituzten joan den urtean), hiru zati izanen dituen zentroa egitea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Hain zuzen ere, administraziorako eta zerbitzuetarako eraikina eta adingabeak erregimen itxian eta gainerako erregimenetan sartzeko bi bloke izanen ditu zentroak, eta bakoitzak sotoa, behe solairua eta lehenengo solairua izanen ditu. Aldi berean hogei gazte artatu ahal izanen dituzte bertan.


Zehazki, administrazio eta zerbitzuetarako eraikinak, administrazio bulegoez eta gainerako bulegoez gain, honako hauek ere izanen ditu: sukaldea, garbitegia, ostalaritza ikasgela, biltegia, makina gela, eta mantentze tailerra. Sotoan ostalaritza ikasgela, ostalaritza lantegia, sukaldea, garbitegia, eta zerbitzu orokorrak egonen dira. Behe solairuan, berriz, bisita aretoak, bilera aretoak, kafetegia eta sukaldea egonen dira. Eta lehenengo solairuan, azkenik, administrazio bulegoak, teknikarien bulegoak, liburutegia, eta bilera aretoa egonen dira.


Egoitza eta segurtasun eraikinek ere antzeko egitura izanen dute: sotoa (gimnasioa, aldagelak, segurtasun gela eta garajea egonen dira bertan), eta bi solairu, egoitza gisa (hartara, adin, sexu edo pedagogia irizpideen arabera banatu ahal izanen dituzte adingabeak).


Zentroaren diseinuari dagokionez, Ilundaingo herriguneko eraikinekin bat etortzen saiatu dira, eta ondorioz, tradiziozko materialak erabiliko dituzte, hala nola Iruñeko Eskualdeko herrietan ohikoa den harlandua. Gainera, ingurumen neurriak eta estrategiak ere kontuan hartu dituzte proiektuan (diseinu arkitektoniko bioklimatikoa), energiaren aurrezpena sustatzeko eta ingurumenaren gaineko eragina txikitzeko. Besteak beste, eguzki plaka termikoak jarriko dituzte (ura berotzeko) eta energia geotermikoa aprobetxatzeko instalazioa eginen dute.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa