(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Urri amaieran 27.386 langabe daude Nafarroan asteartea, 2008.eko azaroak 4

Arriskuen Prebentzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren arabera, datuak kezkagarriak dira eta trebakuntzak garrantzi handia du, langabe berrien %69 prestakuntza maila txikikoak direlako


Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Agentzietan izena emanda dauden langabeen kopuruak gora egin du urrian. Hain zuzen ere, langabeziak %9,61 egin du gora, eta hala, urri amaieran 27.386 langabe daude Nafarroan (irail amaieran baino 2.401 langabe gehiago). Estatuan ere langabeziak gora egin du, Kanarietako %5,34tik Balearretako %21,7ra bitarte.


Imelda Lorea Nafarroako Gobernuko Arriskuen Prebentzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren arabera, "oso datu txarrak eta kezkagarriak dira; izan ere, langabeziak nabarmen egin du gora lan merkatu osoan. Urriko langabeen profila honako hau da: gizona, etorkina, zerbitzuen edo eraikuntzaren sektorean lan egiten zuena. Gainera, langabe berrien %69 prestakuntza maila txikikoak dira, eta hortaz, langileen trebakuntzak garrantzi handia du. Urriko datuak tarteko beharrezkoa da Nafarroako eragile ekonomiko eta sozialekin akordio berriak erdiestea itun sozialaren arloan".


Langabeziak enplegu agentzia guztietan egin du gora. Datu zehatzak honako hauek dira: Tafallan, %15,50; Agoitzen, %14,60; Donezteben, %13,37; Tuteran, %9,68; Iruñean, %9,19; Lizarran, %8,66; Lodosan, %6,60; eta Altsasun %1,01.


Ekonomia jardueren azpisektoreei begiratuta ere langabeziak guztietan egin du gora: beste enpresa jarduera batzuetan (ABLEak barne), eraikuntzan, ostalaritzan, merkataritzan, lehendik lanik ez zutenen artean, nekazaritzan, industrian, eta metalurgian.


Datuak sexuka bereizita, urri amaieran 14.871 emakume langabe eta 12.515 gizon langabe daude Nafarroan (irailean baino %5,69 eta %14,67 gehiago, hurrenez hurren).


Adin taldeei dagokienez, 25 urtetik beherako langabeak 3.425 dira (%20,01eko gorakada), eta 25 urtetik gorako langabeak, berriz, 23.961 (%8,27ko gorakada).


Datuak 2007ko urrikoekin alderatuz gero, aurten 7.163 langabe gehiago daude Nafarroan (%35,42 gehiago). Estatuan, berriz, langabeziaren hazkundea %37,5ekoa izan da (2007ko urriarekin alderatuta).


Nafarroa da langabeek okupagarritasun handiena duten erkidegoa (lana aurkitzeko aukera). Hain zuzen ere, Foru Komunitateko langabeen %38k lana aurkitzeko aukera handia dute, eta Estatuan, berriz, %20k.


Nafarroako Gizarte Segurantzako datuen bilakaerari dagokionez, urrian beste 25 langilek eman dute izena. Estatuan, ordea, 101.886 pertsona gutxiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda. Izen-emateek Nafarroan, Errioxan, EAEn, Valentzian eta Gaztela-Mantxan egin dute gora, zehazki (urrian).


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa