(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Amuarrain arrunten kopurua %14 handitu da urte batean, baina egoera txarra da oraindik asteazkena, 2008.eko azaroak 5

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak aurki erabakiko du goiko amuarrain eremuan amuarrain arrunta arrantzatzeko debekuarekin zer egin


Sanzberro kontseilaria bileran.

Sanzberro kontseilaria bileran. ( irudia handitu )

Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilaria Arrantzako Aholkularitza Batzordearen bilerako buru izan da gaur goizean. Nafarroako arrantza elkarteak eta Departamentuko kideak Arrantzako Aholkularitza Batzordeko kide dira, eta gaurko bileran Nafarroako amuarrain arrunten kopuruari buruzko datuak eman dituzte ezagutzera.


Sanzberro kontseilariak datu horiek eta beste batzuk eman ditu ezagutzera, prentsaurrekoan, Enrique Eraso Bioaniztasuna Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariarekin batera.

Kontseilaria, bestalde, Nafarroako Ibai eta Erreketako Ingurumen Kalitatea Hobetzeko Esku-hartze Planari buruz ere mintzatu da. Plana 2008ko urtarrilean abiatu zuen Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak, amuarrain kopuruari eusteko asmoz.


Aurten Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak amuarrain arrunten inbentarioa egin du, eta Arrantzako Aholkularitza Batzordeari emaitzen berri eman diote. Hain zuzen ere, Departamentuak 60 gunetan hartu ditu laginak: Pirinioetako Bailaretan (Ezka, Zaraitzu, Irati, Urrobi eta Erro arroetan), Hegoaldeko Bailaretan (Arga, Ultzama-Mediano eta Larraun-Basaburua arroetan), Mendebaldeko Bailaretan (Arakil eta Ega-Urederra arroetan), eta Kantauriko Bailaretan (Bidasoa arroan eta Kantauriko eta Pirinioetako iparraldeko arroetan). 1992az geroztik erabiltzen duten metodologia berari eutsi diote, eta ondorioz, aurtengo datuak aurreko urteetakoekin alderatu daitezke.


Amuarrain arrunten kopuruak gora egin du ugaltzeko potentziala areagotu egin da


Azterlanaren arabera, amuarrainen arroko ibai eta erreketan 1.869 amuarrain daude hektareako, batez beste. Hartara, amuarrainen kopuruak %14 egin du gora 2007az geroztik, baino oraindik ere desiragarria litzatekeen zenbatekotik behera gaude (2.000-4.000 amuarrain/hektarea). Beraz, amuarrainen dentsitatea ez da behar bestekoa, eta gainera, arro batetik bestera aldatzen da.


Amuarrainen kopurua adin tarte guztietan handitu da. Zehazki, kumeen kopurua %22 handitu da (0,0919 kume metro koadroko) eta amuarrain gazteen kopurua, berriz, %4 (727 amuarrain/hektarea). Amuarrain helduen kopurua %23 handitu da (223 amuarrain/hektarea), eta gaur egungo dentsitatea normala da; beraz, datuak itxaropentsuak direla esan daiteke, amuarrain helduen kopurua handitzen bada ugaltzeko potentziala ere areagotu eginen delako. Hain zuzen ere, 2008tik 2009ra bitarte ugaltzeko potentziala %29 handituko dela espero dute, arrantza debekatuta egotearen ondorioz amuarrain heldu gehiago egonen delako.


Nolanahi ere, arro batzuetako eta besteetako datuak desberdinak dira, eta Pirinioetako ibai eta erreketan, adibidez, dentsitatea oso txikia da. Gainerako arroetan datuak hobetzen ari dira.


Esku-hartze Planaren balantzea


Arrantzako Aholkularitza Batzordeak Nafarroako Ibai eta Erreketako Ingurumen Kalitatea Hobetzeko Esku-hartze Planaren balantzea egin du. Esan dugun moduan, Plana urtarrilean jarri zuen abian Departamentuak, Nafarroako ibai eta erreketako amuarrain kopurua handitzeko asmoz. Helburu hori bete egin da, eta horrexegatik, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak Planari jarraipena emateko asmoa du. Planean aurreikusita zeuden neurrietako batzuk honako hauek dira: ibai eta erreketako zaintza areagotzea; habitatak hobetzea; ubarroi kopurua kontrolatzea; goiko amuarrain eremuan amuarrain arruntaren arrantza debekatzea; Bidasoa ibaiko arrain populazioa indartzea; arrantza daitezkeen espezieak indartzea (amuarrain triploidea -antzua- eta aingira); eta izokina arrantzatzeko kupoa handitzea eta arrantzaldia luzatzea.


Azterlan teknikoetatik ondoriozta daitekeenez, amuarrain kopuruak behera egin izanaren arrazoi nagusia ibai eta erreketako ingurumen egoera txarra da, eta ondorioz, habitat naturala berreskuratzea helburu duten esku-hartzeak onuragarriak dira amuarrain kopurua handitzeko. Horregatik, Esku-hartze Planean hainbat esku-hartze aurreikusi zituzten ibaiertzak eta ibai inguruak lehengoratzeko. Zentzu horretan, 1,2 milioi euroko inbertsioa egin dute (2008an) ibaiak eta errekak iragazkortzeko, eta hala, arrainak ibai eta erreketan gora igo eta ibai-buruetako legar hobietan errun ahal izateko. Zehazki, Bidasoa arroan 4 igarobide egin dituzte eta Zaraitzu ibaian, berriz, 5. Gainera, datozen urteetan 40 bat esku-hartze eginen dituzte Bidasoa, Leitzaran, Aragoi eta Ega arroetan.


Bestalde, ubarroi kopurua kontrolatu dute; izan ere, kopurua handitzen ari zen, arrainen kalterako. 2008an, Lizarrako Kirol Ehiztari eta Arrantzaleen Elkarteak, Arga Ibaiko Kirol Arrantzaleen Taldeak eta Berako Ehiztari eta Arrantzale Elkarteak baimena izan dute amuarrain kopuru eskasa duten ibai eta erreketako arroetatik ubarroiak uxatzeko esku-hartzeak egiteko.

Dokumentazioa:
 
Berri osoa.doc
Información gráfica
Video de la rueda de prensa
Audio de la rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa