(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Foruzaingoak ikasleen bide hezkuntzarako kanpaina abiatu du, eta "Polo Parkean" hainbat jarduera eginen ditu ostirala, 2008.eko azaroak 7

Foruzaingoak (Trafikoko Bide Hezkuntzako Taldea) Nafarroako eskoletako ikasleentzako trebakuntza kanpaina abiatu du, hurrenez hurreneko laugarren urtez. Kanpainaren xedea oinezkoek, txirrindulariek eta gidariek kontuan hartu beharreko oinarrizko ezaguerak eskaintzea da, hain zuzen, zirkulazio istripuak ahal den neurrian saihesteko.


Aurten, berritasun gisa, bide hezkuntzako azalpenak emateaz gain, DYAko boluntarioek lehen sorospenei buruzko oinarrizko ideien berri emanen diete ikasleei. Programa astelehenetik ostiralera gauzatuko dute, eskola orduetan, batik bat Iruñeko Volkswagen lantegiko "Polo Parkean". Bertan, bide hezkuntzari buruzko eskola teoriko eta praktikoak emanen dizkiete ikasleei.


Jarduerak ikasleen adinaren eta bizilekuaren araberakoak izanen dira. Hala, gaztetxoenei dagokienez, oinezkoekin zerikusia duten alderdiak azpimarratuko dituzte; zortzi urtetik gorakoei, berriz, bizikleta nola erabili behar den azalduko diete, eta hamar urtetik gorako ikasleei lehen sorospenen berri emanen diete; azkenik, hamabi urtetik gorakoei ziklomotorrak nola gidatu behar diren eta alkoholak edo abiadurak zer ondorio dituzten azalduko diete.


Zentzu horretan, azalpen teorikoez gain, gaztetxoenekin ibilbide gidatuak eginen dituzte kasuan kasuko herriko kaleetan barrena eta etxetik eskolara bitarteko ibilbidean aurki ditzaketen arriskuen berri emanen diete. Nagusiagoekin, berriz, bizikleta edo karta gidatzeko praktikak eginen dituzte "Polo Parkean".


Kanpainan parte hartu nahi duten ikastetxeek Foruzaingoarekin harremanetan jarri beharko dute. Horretarako hiru bide hauek dituzte: pfeducacionvial@cfnavarra.es posta elektronikoko helbidea, 620 503 090 telefono zenbakia, eta 848 426 862 fax zenbakia.


2007-2008 ikasturtean 4.812 ikaslek parte hartu zuten Foruzaingoak ikastetxeetan antolatu zituen 139 saioetan. Gainera, "Polo Parkeko" bide hezkuntzako jarduerez gain hitzaldiak ere eman zituzten gazte elkarteetan eta adinekoentzako zentroetan. Foruzainak Beriain, Gares, Iruñea, Martzilla, Zangoza eta Lizarrara joan ziren, besteak beste.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa