(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak laneko zirkulazio istripuak gutxitzeko kanpaina sustatu du asteartea, 2008.eko azaroak 11

1991tik 2007ra bitarte hildakoak eragin zituzten lan istripuen %52 eta lan istripu larri edo oso larrien %20 zirkulazio istripuak izan ziren


Osasun Departamentuak, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuaren bidez, bide segurtasuneko kanpaina bat jarri du abian, laneko zirkulazio istripuak gutxitzeko (lanorduetan jazotzen diren istripuak zein "in itinere" istripuak).


Kanpainaren lelo nagusia "La carretera es el lugar más inseguro para muchos trabajadores. Stop a los accidentes de tráfico laborales" (Errepidea lekurik arriskutsuena da langile askorentzat. Stop laneko zirkulazio istripuei) da, eta Iruñeko Foruzaingoaren polizia etxean aurkeztu dute (Belosogoiti), gaur goizean, Javier Caballero Martínez lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak, María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilariak, eta Elma Sáiz Delgado Nafarroako Gobernuko ordezkariak.


Kanpainaren xedea langileak, enpresetako prebentzio zerbitzuetako arduradunak eta enpresetako zuzendaritza taldeak sentsibilizatzea da, laneko zirkulazio istripuak ahal bezainbeste gutxitzeko neurriak hartzeko beharraren gainean (lanorduetan jazotzen diren istripuak zein "in itinere" istripuak -etxetik lantokira eta lantokitik etxera bidean jazotzen diren istripuak-).


Horretarako, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak 3.500 agenda eta orrialde markagailu eta 30.000 egutegi (12.000, paretan jartzekoak; 12.000, poltsikokoak; eta 6.000, mahai gainekoak) argitaratu ditu, eta Nafarroako enpresetan eta prebentzioarekin zerikusia duten entitate eta erakundeetan banatuko dituzte (5.000 enpresa, entitate eta erakundetan, hain zuzen).


Gainera, lan saioak eginen dituzte prebentzio zerbitzuetako teknikariekin eta osasun langileekin, bide segurtasuna lan arriskuen prebentzioaren arloan sartu beharreko kontzeptua dela ohartarazteko. Bestalde, enpresek mugikortasun planak egin ditzaten bultzatuko dute, garraio publikoa eta taldeko garraioa erabiltzeko, ezbehar tasa txikitzeko, langileen estresa txikitzeko, eta ingurumenaren gaineko eragina txikitzeko.


Ekimena Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak sustatu du, Arriskuen Prebentzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren parte-hartzearekin, eta Nafarroako Bide Segurtasunaren Estrategiaren esparruan kokatuta dago. Gainera, Gizarte Segurantzako Lan Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Mutuak kolaboratzaile gisa jardunen dira, eta kanpaina TECSINOR enpresa espezializatuaren bidez kudeatuko dute.


Kanpaina hainbat etapatan jarriko dute abian. Hala, 2008-2009 aldian enpresetan (oro har) eta Toki Administrazioko entitateetan jarriko dute abian, eta 2009-2010 aldian, berriz, garraioaren sektoreko enpresetan eta Administrazio Autonomikoan.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa