Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidenteak 2008-2011ko Nafarroako Nazioarteko Planaren aurkezpenean parte hartu du, gaur. Oinarrizko bost arlotako neurriak biltzen dituen plana da, hain zuzen, eta Nafarroako enpresak eta herritarrak nazioartekotu daitezen bultzatzea du xede.
Eskerretik eskuinera, Javier Taberna, Ángel Martín, Miguel Sanz, Elena Torres, Álvaro Miranda eta Juan Franco
(
irudia handitu
)
Filosofia eta helburuak
Dokumentua Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egin du, eta Nafarroako Gobernuak joan den astelehenean onartu zuen. Plana idazteko zazpi hilabete behar izan dituzte, eta lan horretan 68 adituk, 21 erakunde pribatuk eta Nafarroako Gobernuko 5 departamentuk parte hartu dute.
Planaren helburu nagusia bikoitza da: batetik, Nafarroako enpresei sostengua ematea munduan lehiatu ahal izateko; eta bestetik, Nafarroako gizartea trebatzea eta sentsibilizatzea, herritar guztiak mundu globalizatu honetan pertsona zein profesional gisa garatzeko aukerak aprobetxatzeko gai izateko.
Planaren abiapuntu gisa, Nafarroako ekonomiaren diagnosia egin zuten eta egoera onean dagoela ondorioztatu dute. Izan ere, Estatuan merkataritza saldo positiboena duen erkidegoa Nafarroa da. Hala ere, ongizate maila handia erdiestearen arrisku nagusietako bat herritarrak egoera horretara egitea da.
Izan ere, ekonomia irekia duten gizarteetan enpresa lehiakorrenek bakarrik irauten dute merkatuan, diren herrialdekoak direla ere, eta dokumentuan adierazi dutenez, gizartea ongizatera egiten denean gazteek sarritan uko egiten diote denbora luzez euren ingurunetik urrun egoteari. Horregatik, beharrezkoa da gizartearen pentsaera aldatu dadin sustatzea, beste kultura eta ingurune batzuk ezagutzeak berekin dakartzan aukerak eta aberastasuna aintzat hartu ahal izateko.
Planean gaineratu dutenez, pentsaera irekia duten herritarrez osatutako gizarteak oparo, justu, ulerkor eta solidarioagoak izaten dira, beti.
Bost jarduera ardatz
Planaren helburuak erdiesteko oinarrizko bost ardatzetako neurriak ezarri dituzte. Ardatzak honako hauek dira, hain zuzen: herritarrak sentsibilizatzea eta trebatzea, hizkuntzak ikas ditzaten sustatuz eta atzerrira joateko beken bidez; itunak eta sareak osatzea Nafarroarentzat estrategikoak diren eskualdeekin; Nafarroaren irudi ekonomikoa atzerrian sustatzea; Europako eta nazioarteko proiektuen berri izatea eta kudeatzea; eta enpresak nazioartekotu daitezen bultzatzeko ekintzak gauzatzea.