(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak demokraziako parte-hartzeari buruzko jardunaldiak antolatu ditu ostirala, 2008.eko azaroak 21

Unibertsitarioentzako jardunaldiak dira eta datorren astean eginen dituzte, Parlamentuan; besteak beste, funtsezko balioak, botere banaketa, edo herritarren eskubideak eta betebeharrak aztertuko dituzte


Nafarroako Gobernuak, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren bidez, "La participación en la Democracia" (Parte-hartzea demokrazian) jardunaldiak antolatu ditu, Espainiako Konstituzioaren 30. urtemuga dela-eta. Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko (UHUN) Iruñeko eta Tuterako zentroek ere lagundu dute jardunaldiak antolatzen.


Saioak azaroaren 26an, 27an eta 28an eginen dituzte, Nafarroako Parlamentuan, eta batik bat NUPeko eta UHUNeko ikasleentzat izanen dira. Jardunaldietan parte hartzen duten ikasleek zenbait kreditu lortuko dituzte.


Jardunaldietako edukia Alberto Catalán Higueras Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilariak, Elena Torres Miranda Nafarroako Parlamentuko presidenteak, eta Camino Oslé Guerendiáin NUPeko Proiekzio Sozial eta Kulturaleko errektore-ordeak aurkeztu dute, gaur, prentsaurrekoan. José Luis Martín Nogales UHUNeko Iruñeko zentroko zuzendaria eta José Miguel Laco Irigoyen UHUNeko Tuterako zentroko idazkaria ere bildu dira aurkezpen ekitaldira. Jardunaldietako zuzendari akademikoak NUPeko Jesús Mª Osés Gorráiz eta UHUNeko Carlos Vidal Prado dira.


Catalán kontseilariak prentsaurrekoan adierazi duenez, "Nafarroako Gobernua eta Parlamentua erakunde guztiz demokratikoak dira, sistema demokratikoan oinarrituta daude, eta herritarrek hauteskundeetan adierazten dutenaren arabera osatzen dira". Kontseilariak, bestalde, unibertsitatearen egitekoa azpimarratu du; izan ere, adierazi duenez, "unibertsitateak Espainiako demokrazia eta demokraziak eskaintzen dituen askatasuna, aniztasuna, tolerantzia eta giza eskubideak defendatu izan ditu historian zehar". Catalánek honako hau ere azpimarratu du bere mintzaldian: "erakundeok sistema demokratikoaren eta askatasunean bizitzearen abantailen berri eman behar diegu herritarrei, eta batik bat gazteei eta etorkizuneko belaunaldiei; hots, beti demokrazian bizi izan direnei eta Espainiako historiako beste aldi batzuk ezagutu ez dituztenei".


Elena Torres Nafarroako Parlamentuko presidenteari dagokionez, bi gauza azpimarratu nahi izan ditu: batetik, jardunaldietako txostengileak kalitate handikoak direla, eta bestetik, jardunaldiek garrantzi handia dutela Foru Ganberarentzat. Jardunaldien bidez Parlamentuko ateak zabalduko dizkiete unibertsitateko ikasleei, eta Torresek adierazi duenez, "Parlamentua deliberamendu politikoaren egoitza eta herritarren ideien aniztasunaren ordezkaria da".


Gainera, Torresek azpimarratu duenez, "herritarren parte-hartzea funtsezkoa da demokrazian"; izan ere, Parlamentuko erabakiak modu demokratikoan hartzen dira. Gainera, unibertsitateek ikasketa eta ikerketa zentro gisa egiteko garrantzitsua dutela adierazi du Torresek. Hala, Torresen ustez, Parlamentua zenbait egunez unibertsitateko lanaren egoitza bihurtzeak "ikasleei eta herritar guztiei eginen die mesede".


Prentsaurrekoan mintzatu den azkena Camino Oslé Guerendiáin NUPeko Proiekzio Sozial eta Kulturaleko errektore-ordea izan da, eta honako hau azpimarratu du: unibertsitateko ikasleek zorte handia izan dutela demokrazian jaio direlako. Hala ere, Osléren ustez hori arriskutsua izan daiteke, gazteek demokrazia sistema naturaltzat hartzea eta ez estimatzea eragin dezakeelako; izan ere, balio demokratikoak "sekulako balioak dira, baina galtzen ditugunean edo ez ditugunean bakarrik hartzen ditugu aintzat". Oslék adierazi duenez, bestalde, jardunaldiak Parlamentuan egitea garrantzitsua da, Ganbera delako herritarren hitzaren eta borondatearen egoitza. Zentzu horretan, saioetan garrantzi handiko alderdiak aztertuko dituztela azpimarratu du, hala nola tolerantzia, elkarbizitza, eta desberdintasunaren aintzatespena.


Jardunaldietako edukiak


 Azaroaren 26ko (asteazkena) saioari hasiera emateko, Rafael del Águila Tejerina Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zientzia Politikoetako katedradunak "Democracia, mesura y el peligro de los ideales" (Demokrazia, neurria eta idealen arriskuak) txostena aurkeztuko du. Ondoren, Francisca Sauquillo Pérez del Arco MPDL erakundeko (Bakearen, Armagabetzearen eta Askatasunaren aldeko mugimendua) presidenteak "La democracia en la sociedad civil" (Demokrazia gizarte zibilean) izeneko mintzaldia eskainiko du. Jardunaldia osatzeko hiru lantegi hauek eginen dituzte: "La división de poderes en el sistema democrático" (Botere banaketa sistema demokratikoan), Carlos Vidal Prado Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle titular eta UHUNeko errektore-ordearen zuzendaritzapean; "El Parlamento en una democracia: estructura de funcionamiento" (Parlamentua demokrazian: funtzionamenduaren egitura), Cristina Zoco Zabala UHUNeko Tuterako zentroko irakasle titular eta NUPeko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle laguntzailearen zuzendaritzapean; eta "Derechos y deberes de los ciudadanos" (Herritarren eskubideak eta betebeharrak), Javier Blázquez Ruiz UHUNeko Iruñeko zentroko irakasle tutore eta NUPeko Zuzenbide, Moral eta Politikaren Filosofiako irakasle titularraren zuzendaritzapean.


Azaroaren 27ko (osteguna) lehenengo saioa "Democracia y relativismo" (Demokrazia eta erlatibismoa) izenekoa izanen da eta Alfonso Ruiz Miguel Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zuzenbide, Moral eta Politikaren Filosofiako katedradunak eskainiko du. Ondoren, Alberto Oliart Saussol Industria eta Energiako, Osasuneko eta Defentsako ministro ohiak "Valores esenciales de la democracia" (Demokraziako funtsezko balioak) izeneko hitzaldia eskainiko du. Ostegunean honako lantegi hauek eginen dituzte: "Seguridad y derechos: un equilibrio inestable" (Segurtasuna eta eskubideak: oreka ezegonkorra), Oscar Jaime Jiménez NUPeko Zientzia Politikoko irakasle titularraren eskutik; "Republicanismo y liberalismo" (Errepublikazaletasuna eta liberalismoa), Mª José Villaverde Rico Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politikoko irakasle titularraren eskutik; eta "El concepto de ‘política’ más allá del tema de la identidad de Navarra" (Politikaren kontzeptua Nafarroaren nortasunetik haratago), Iñaki Iriarte López Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Pentsaera Politikoaren Historiako irakasle titularraren eskutik.


Jardunaldiak azaroaren 28an amaituko dira, ostiralean. Egun horretan Andrés Ollero Tassara Madrilgo Joan Karlos Erregea Unibertsitateko Zuzenbide, Moral eta Politikaren Filosofiako katedradunak "Estado de derecho o derecho del Estado" (Zuzenbide Estatua edo Estatuaren zuzenbidea) hitzaldia eskainiko du eta lantegietako ondorioak azalduko dituzte.

Dokumentazioa:
Ver esta rueda de prensa
Escuchar esta rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa