Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Txostenean Nafarroako iraunkortasunaren funtsezko elementuak berrikusi dituzte, Estatuko eta Europako azterlanetan homogeneoak diren adierazleen bidez
Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilariak Nafarroako Ingurumen Egoeraren 2008ko Txostena aurkeztu du. Arduradun politikoek erabakiak hartzeko tresna eta herritarrentzako informazio iturria da, eta txostenean Nafarroako iraunkortasunaren funtsezko elementuak berrikusi dituzte, Estatuko eta Europako azterlanetan homogeneoak diren adierazle, tasa eta balioen bidez. Hala, Nafarroako Ingurumenaren egoera Europako beste lurralde batzuetako egoerarekin alderatu daiteke.
Nafarroako Ingurumen Egoeraren 2008ko Txostena egiteko 45 adierazle erabili dituzte, eta Foru Komunitateko iraunkortasunaren egitura garapen politiken arabera aztertu dute (ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloko politiken arabera, hiru balioak elkarri lotuta daudelako).
Txostenak hiru atal ditu: Garapen ekonomikoa (Inbertsioa, Lehiakortasuna eta Enplegua arloetako 10 adierazle); Gizartea (Aldaketa demografikoak, Hezkuntza, Diru txirotasuna eta Osasuna arloetako 11 adierazle); eta Ingurumena (Energia, Garraioa, Ura, Airea, Hondakinak, Zarata, Basoak, Iraunkortasuna, eta Herritarren sentsibilizazioa eta parte-hartzea arloetako 24 adierazle). Atalik luzeena ingurumenari buruzkoa da.
Nafarroako Ingurumen Egoeraren 2008ko Txostena eta Estatuko eta Europako beste txosten batzuk osagarriak dira (Espainiako Ingurumen Profila, Ingurumen Ministerioarena; Espainiako Iraunkortasun Txostena, Iraunkortasunaren Behatokiarena; Europako Ingurumen Agentziaren Laurteko Txostena; edo Eurostat Europar Batasuneko Estatistika Bulegoaren Iraunkortasun Txostena).
Txostena Europako agindu bati jarraiki egiten dute; izan ere, Herri Administrazioek gutxienez ere urtean behin ingurumen egoerari buruzko azterlan bat egin eta argitaratu behar izaten dute, eta horretarako, administrazio guztietarako homogeneoak diren 45 adierazle erabiltzen dituzte erreferentzia gisa (gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren arloko adierazleak). Adierazleok iraunkortasuneranzko bidea modu kuantitatiboan ebaluatzea dute xede.