(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Beste bost udalek bat egin dute 012 Infolocal zerbitzuarekin asteazkena, 2008.eko azaroak 26

Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak hitzarmena izenpetu du Bidaurreta, Ziritza, Etxarri, Etxauri eta Olatzagutiarekin


Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak hitzarmena izenpetu du Bidaurreta, Ziritza, Etxarri, Etxauri eta Olatzagutiarekin. ( irudia handitu )

Bidaurreta, Ziritza, Etxarri, Etxauri eta Olatzagutiak bat egin dute 012 Infolocal zerbitzuarekin, Toki Administrazioko Departamentuarekin dagozkion hitzarmenak izenpetu ondoren. Amelia Salanueva Murguialday kontseilaria ekitaldiko buru izan da, telefono bidezko informazio eta izapide zerbitzua abian jarri zutenetik 7 urte bete diren egunean. Dagoeneko Nafarroako 113 toki entitate eta 263.000 biztanle daude zerbitzuaren baitan, Iruñeko eta Tuterako 010 zerbitzua kontuan hartu gabe.


Gaur zerbitzuarekin bat egin duten bost udalek (2.500 biztanletik gora) 40.354 euroko laguntza jaso dute Toki Administrazioko Departamentuaren eskutik, kalitatea hobetzeko eta modernizatzeko (2008ko laguntzen bidez). Udalei dagokienez, hitzarmena izenpetu dutenak honako hauek dira: Antonio María Goicoechea Armendáriz (Bidaurreta), Rafael Gorostidi Urnieta (Ziritza), Patxi Xabier Ilzarbe Legaria (Etxarri) eta José Javier Erro Larrea (Etxauri). Iñaki Mentxaka Berra Olatzagutiako alkateak ezin izan du ekitaldira bildu.


Esan dugun moduan, Toki Administrazioko Departamentuak 40.354 euroko laguntza eman die udalei, eta zenbatekorik handiena Etxauriko Udalarentzat izan da. Hain zuzen ere, 27.141 euro jaso ditu, honako lan hauek egiteko: 012 Infolocal zerbitzuko datu-basea instalatzeko (informazioa Etxauri, Ziritza, Etxarri eta Bidaurretari emateko); txartelak egiaztatzeko sistema ezartzeko; ekipamendu informatikoa instalatzeko; eta eraikin publikoetan wifi eremuak ezartzeko.


900.000 zerbitzutik gora


 Amelia Salanueva kontseilariak azpimarratu duenez, Toki Administrazioko Departamentuak, toki entitateek eta ANIMSAk (Asociación Navarra de Informática Municipal SA) ahalegin handia egiten dute udal kudeaketaren kalitatea hobetzeko eta modernizatzeko, eta 012 zerbitzua kudeaketa komunaren eredua eta udal kudeaketarako eta herritar erabiltzaileentzako erreferentzia da.


012 Infolocal zerbitzuak zerbitzu eta artapen gehiago eskaintzen ditu urtetik urtera, Departamentuko Kalitate eta Modernizazio Zerbitzuak egiaztatzen duen moduan. Hala, 2008an (gaur egunera arte), ia adierazle guztiak 2007koak baino hobeak izan dira edo hobeak izateko bidean daude: artatutako dei kopurua, izen-emateak, izapideak, kanporanzko harremanak, eta deiak asteko (batez beste). Astean batez beste artatzen dituzten deiei dagokienez, kopurua %25 handitu da 2007arekin alderatuta. Hain zuzen ere, iaz (urte osoan) 672 dei/aste artatu zituzten, eta aurten (urrira arte), berriz, 672 dei/aste artatu dituzte.


Bestalde, 012 Infolocal zerbitzuak 7 urte bete ditu gaur, eta urteotan 906.000 zerbitzutik gora egin ditu, honela banatuta: 622.967, artatutako deiak; 158.647, izen-emateak; eta 283.450, toki entitateen eskariak herritarrekin harremanetan jartzeko. Horrela, 012 telefono zenbakiaren bidez egin edo tramitatu dituzten kudeaketei esker, herritarrek 5 milioi minututik gora aurreztu dituzte, eta toki entitateek, berriz, ia 2 milioi minutu (kudeaketa teknikoetan).


012 zerbitzuak Nafarroako Gobernuko entitateei buruzko informazioa ematen die zerbitzuari atxikita dauden herri guztiei, eta baita herritarrentzako zerbitzuak eskaintzen dituzten beste erakunde publiko zein pribatu batzuei buruzko informazioa ere. Gainera, zerbitzu hauek ere eskaintzen ditu: izen-emateen kudeaketa (kanpainetan), eskaeren kudeaketa (errolda, katastroa, fakturen kopiak), hitzorduak (alkateekin, idazkariekin edo udal teknikariekin), eta ikuskizunetako sarreren salmenta. Berriki, herritarrei inkestak egiten hasi dira, eta gainera, herritarrekin harremanetan jartzen hasi dira, bertan behera gelditu diren jardueren berri emateko (ikastaroak, etab.).


Bestalde, 012 zerbitzuak autobus zerbitzuei buruzko informazioa ematen du, autobus txartelak saltzen ditu, eta Nafarroako Gobernuko unitateen zerbitzura dago (hala nola, Nafarroako Enplegu Zerbitzua, edo Familia, Berdintasun edo Turismoko Unitateak). Nafarroan ozono muga gainditzen denean jakinarazpenak egiteko eta alerta jotzeko bide gisa ere erabiltzen dute 012 Infolocal.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa