(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Segurtasunaren Hiriaren proiektua abiatu du asteazkena, 2008.eko azaroak 26

Aranguren, Egues eta Iruñeko udal mugapeetan eginen dute, eta Barne Zuzendaritza Nagusia eta sektoreko enpresak (batik bat balio teknologiko handia dutenak) egonen dira bertan


Segurtasunaren Hiriaren proiektua

Segurtasunaren Hiriaren proiektua . ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak Segurtasunaren Hiriaren proiektua abiatu du. Nafarroa 2012 Planaren baitan dagoen proiektua da, eta Parlamentuko talde nagusien sostengua du (UPN, PSN eta CDN). Aranguren, Egues eta Iruñeko udal mugapeetan eginen dute, Sankin inguruan.


Kokalekua aukeratzeko Iruñea XXI. mendearen erdialdera arte hazteko aukerak aztertu dituzte eta iraunkortasun irizpideak hartu dituzte kontuan. Gainera, eskualdeko plangintza ez oztopatzea izan dute xede, aukera eremuak sustatze aldera. Berriki, Javier Caballero Martínez lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilaria aipaturiko udaletako ordezkariekin bildu zen, aurreikuspenen berri eman eta euren iritziaren berri jakiteko. Proiektua kontseilariak berak aurkeztu du, gaur, prentsaurrekoan.


Segurtasunaren Hiriaren lehenengo fasean 1.150.000 metro koadro eraikiko dituzte, eta 1.000.000 metro koadroko erreserba eginen dute, bigarren faserako. Lehenengo fasean eginen dituzten eraikinetan Barne Zuzendaritza Nagusiko bulegoak (administrazio bulegoak, Foruzaingoa, Nafarroako Larrialdietako Agentzia) eta Nafarroako Gobernuko beste arlo batzuetako bulegoak egonen dira (ondare segurtasuna behar dutenak). Lehenengo fasean 85 milioi euroko inbertsioa eginen dute, lursailak urbanizatzeko eta Barne Zuzendaritza Nagusiko eraikinak egiteko. Gainera, Segurtasunaren Hirian sektoreko enpresa eta erakundeetako instalazioak egonen dira, batik bat balio teknologiko handia dutenak.


Zentzu horretan, Nafarroako Gobernuak honako hau hitzartu zuen joan den asteleheneko (azaroaren 24a) bilkuran: SPRIN Nafarroako Inbertsioak eta Azpiegiturak Sustatzeko Sozietate Publikoak hartuko dituela bere gain Segurtasunaren Hiria eraikitzeko esku-hartzeak, eta lan hori Barne Zuzendaritza Nagusiak gainbegiratuko duela.


Hala, SPRIN sozietateak lehenengo lanak abiatuko ditu; hau da, Udalaz gaindiko Eragina duen Plan Sektoriala (UEPS) idatziko du, esku-hartzearen lege eta hirigintza esparru gisa. Ondoren, hala dagokionean, lursailak desjabetuko dituzte. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuak akordioak erdietsi nahi ditu jabeekin, lursailak erosteko. Era berean, enpresa publikoak hirigintza proiektua eta haren onespena kudeatuko ditu, eta baita titulartasun publikoko oinarrizko eraikinen proiektua ere.


Aurreikuspenen arabera, baliteke Segurtasunaren Hiria eraikitzeko lanak datorren urtean hastea eta Barne Zuzendaritza Nagusiko oinarrizko eraikinetako batzuk 2011rako amaituta egotea.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc
Vídeo de la rueda de prensa
Audio de la rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa